Euskal gazteria, konprometitua eta arduratsua konfinamenduaren aurrean

0

EAEn bizi diren 15 eta 34 urte bitarteko hamar gaztetik zortzi konprometituta sentitzen dira koronabirusaren krisiaren ondorioz ezarritako egungo konfinamenduarekin. Portzentajea % 85,7koa da 30 eta 34 urte arteko pertsonen artean.

Era berean, gazteak jakitun dira sare sozialen bidez gezur asko jasotzen ari direla, eta jarrera aktiboa erakusten dute horiek hedatzen ez laguntzeko. Hala, 10etik 9k albiste faltsuak jaso dituztela diote, eta % 81,7k modu aktiboan egiaztatu dute jasotako mezua egiazkoa dela.

Datuak Gazteen Euskal Behatokiak online egindako inkesta batetik atera dira. Martxoaren 20a, ostirala, eta martxoaren 29a, igandea, bitartean (lehen konfinamenduaren hasieran) egin zien inkesta 15 eta 34 urte bitarteko neska-mutilei.

Guztira, 3.482 inkesta egin zituen. Parte-hartzaile gehienak emakumezkoak izan ziren (% 70). Adin-tarteen arabera, % 34,4 15-19 urteko gazteak izan ziren; % 36,5 20-24 urtekoak; % 19,1 25-29 urtekoak; eta % 10 30-34 urtekoak. Autohautaketako lagina denez, ez-probabilistikoa, parte-hartzaileen erantzun-maila altuak konfinamenduaren hasierako haien egoeraren argazkia finkatzen du.

Eta gertatzen ari denarekin konprometituta sentitzen den eta, adinaren edo generoaren arabera, sentimendu desberdinak azaleratzen dituen gazteriaren irudia eskaintzen du, sentimendu positiboak negatiboen gainetik badaude ere. Gainera, gazteek besteei laguntzeko beharra sentitzen dute, gaixotasuna mentala duten pertsonekin edo tratu txarren biktima diren emakumeekin kezkatuta agertzen dira, eta sareen bidez iristen zaizkien berriak benetakoak ote diren egiaztatzen dute, gezurrezkoak diren ala ez zehazteko.

“Beste behin ere, harro sentitzeko moduko gazteria dugula ikusi dugu, oraingoan, duen konpromiso sozialagatik. Gazteek bere egin dute osasun-krisiak guztion ahalegina behar duela gainditu ahal izateko. Jarraitu beharreko adibiderik onena da”, adierazi du Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.

Sentimenduak

Inkestak ondorioak eskaintzen ditu, besteak beste, konfinamenduaren hasiera izan zenaren aurrean gazteek zuten gogo-aldarteari buruz. Hala,% 6,2k soilik (hau da, hamarretik batek ere ez) esan zuten birusa geldiarazteko bakartze-beharrarekiko gutxi edo bat ere ez konprometituta sentitzen zirela. Aitzitik, hamar gaztetik zortzik konpromisoa sentitzen dute Covid-19aren osasun-krisiagatik ezarritako konfinamenduarekin, eta erantzukizunak eta konpromisoak gora egiten dute adinean aurrera egin ahala: 15 eta 19 urteko artekoen % 69,4tik 30-34 urtekoen % 85,7ra pasatzen dira.

Adinaren araberako modulazio hori errepikatu egiten da beste sentimendu batzuen aurrean (adibidez, asperra eta nagikeria). Sentimendu horiek behera egiten dute adinean gora egin ahala: 15-19 urteko pertsonen % 58,7k nabarmendu zituzten, 30-34 urteko pertsonen % 36,2aren aldean.

Portaera bera dute maitasunak eta samurtasunak, eta adinarekin batera areagotu egiten dira (% 41,7 20 urtetik beherako gazteen artean eta % 63,6 30 urtetik gorakoen artean). Aldiz, sortutako egoerarekiko kezka eta beldurra (% 41,3k aipatu zituzten) sarriago nabarmentzen dira adinak gora egin ahala (% 52,8 30 eta 34 urte bitarteko kolektiboan, eta % 34,9 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean).

Era berean, sentimendu positiboak negatiboak baino partekatuagoak diren arren, generoaren arabera horiei ematen zaien garrantzia ere adierazgarria da. Hala, beste emozio batzuk, hala nola baretasuna, lasaitasuna, segurtasuna eta konfiantza, zabalduago daude gizonen artean. Emakumeek, berriz, gehiago aipatzen dituzte beldurra eta kezka, antsietatea eta estresa, estutasuna eta depresioa edo bakardadea eta tristura. Nolanahi ere, gazteen % 18,9k soilik diote bakardadea eta tristura sentitzen dutela.

Eta bereziki aipatu behar da, halaber, jarduera kolektiboetan eta boluntariotzan duten parte-hartzea. Konfinamendua hasi bezain laster, hamar gaztetik ia lauk laguntza-sare batean izena eman zuten, edo horretarako asmoa zuten, edo laguntza eskaini zieten bizilagunei edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei.

Etxean

Era berean, gazte gehien-gehienek jarraitzen diete neurri eta gomendioei: % 53,3k konfinamenduari, garbiketari eta abarri buruzko gomendio guztiak betetzen dituzte, eta portzentajea % 65era igotzen da 30 eta 34 urte artekoen taldean.

Inkesta egin bitartean, hamar gaztetik seik eguneroko jadanik errutina bat ezarrita zuten: % 46,3k bere ekimenez, eta % 14,9k ikastegiak lagunduta. Bitxia bada ere, era berean, maizago hasi ziren inplikatzen etxeko lanetan (% 55,8k aitortu zuten lehen baino gehiago garbitzen zutela) eta/edo txukuntze-lanetan (% 52,2), adinaren eta generoaren araberako aldeak nabarmentzen diren arren.

Eta, bitxia bada ere, etxean konfinatuta egotean, gazteek genero-estereotipo jakin batzuk errepikatzen dituzte, etxe barruko jardueretan ematen duten denbora handitzeari dagokionez.

Hala, gizonen artean, lo egitea da konfinamenduan gehien areagotu den jarduera, eta ondoren garbitzea eta txukuntzea. Emakumeen artean, berriz, garbitzea, txukuntzea eta lo egitea dira, hurrenkera horretan, denbora gehien eskaini dieten hiru jarduerak. Era berean, interesgarriak dira adin-tarteen araberako aldeak. Izan ere, gazteenek, 15-19 urtekoek, gehiago egiten dute lo, eta, gero, garbitu egiten dute. Gainerako adinetan, gehiago garbitzen eta txukuntzen da.

Gizonak Emakumeak 15-19 urte 20-24 urte 25-29 urte 30-34 urte
Lo egin Garbitu Lo egin Garbitu Garbitu Garbitu
Garbitu Ordenatu Garbitu Lo egin Ordenatu Ordenatu
Ordenatu Lo egin Ordenatu Ordenatu Lo egin Sukaldatu
Jan Jan Jan Jan Sukaldatu Jan
Sukaldatu Sukaldatu Sukaldatu Sukaldatu Jan Lo egin

 

Adiz, aisialdiko jardueren artean, lagunekin eta/edo senideekin txatean aritzea edo hitz egitea nagusitzen dira konfinamenduan. Eta, gazte gehienek telefonoa erabiltzen duten arren, ez dute iristen zaien guztia sinesten. Hala, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen % 91,7k koronabirusarekin lotutako gezurrak jaso dituztela diote, baina % 81,7k albiste horiek benetakoak ote diren egiaztatu duela diote.

Nabarmentzekoa da, halaber, albisteen jarraipena % 62 handitu dela hedabideen bitartez, informatuta egoteko.

Ikasketak eta enplegua

Egoera pertsonalari dagokionez, online inkestari erantzun zioten pertsonen % 64 ikasleak ziren; % 29,3k lana zuten; % 3,5 langabezian zeuden; eta beste % 3,2ak beste egoera batean.

Nabarmentzekoa da etorkizun hurbilenekoarekiko kezka logikoa, ikasturtearen ondorioei eta selektibitateko azterketei dagokienez bereziki. Halaber, kezka horien artean, gazteek honako hauek nabarmentzen dituzte: beren senideak kutsatzeko beldurra, gaixotasun mentalen bat duten pertsonen egoera eta genero-indarkeria jasan dezaketen emakumeena.

Eta, konfinamenduaren lehen hamabostaldian lanean ari zirenen artean, erdiak baino gehiagok telelanaren bidez ari ziren (% 59,8) eta % 10,3k oraindik ere telelana eta aurrez aurreko formula konbinatzen zituzten.

Era berean, koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz langabezian geratu zirela ziotenen artean (inkestari erantzun zioten langabeen % 20,7), egoera hau amaitutakoan enplegua berreskuratzeari buruzko ziurgabetasuna da nagusi, % 60k ez baitakite beren enplegua berreskuratuko duten.

“Kezka horren jakitun gara, eta ahaleginak areagotuko ditugu gazteek ezbehar hau ahalik eta gutxien sufri dezaten. Horregatik, konfinamendu honen ondorengo aldirako neurriak abian jartzen ari gara dagoeneko”, azaldu du Muro sailburuordeak.