Eusko Jaurlaritzak ZAPOREAK euskal GBEari babesa emango dio Grezian errefuxiatuta dauden herritarrei arreta eta laguntza emateko egiten ari den lanean. Laguntzak gaur egin den Gobernu Kontseiluaren ikus-onetsia jaso du. 200.000 euroko laguntza hori Giza Eskubide, Bizikidetza Lankidetzaren Idazkaritzaren bitartez kudeatuko da.
Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkartearen helburua da elikagaiak, azpiegitura eta materiala eskaintzea Grezian errefuxiatuak dauden pertsonen premiak betetzeko, eta pertsona horien alde eta horientzako lanean ari diren erakundeekin elkarlanean aritzea.
Gaur egun euskal GKE honek bere lan solidarioa Moria-ko (Lesbos uhartea) iheslari-esparruan burutzen jarraitzen du, Europa osoan bizitzen ari garen eta Greziako uharteetan ere eragina duen osasun-larrialdiko eta konfinamenduko egoera bizi arren. Testuinguru bereziki gogor horretan, erakundearen lana zaurgarritasun-maila handia duten eta eremu horretan errefuxiatuak dauden pertsonengana zuzendua dago. ACNUR agentziaren datuen arabera, 2.500 lagun hartzeko prestatutako eremu horretan 18.342 pertsona bizi dira.
Zehazki, Zaporeak erakundearen proiektuaren bidez, egunero, errefuxiatuentzako janari osasuntsuko eta nutritiboko 2.020 errazio bermatu nahi dira. Errefuxiatu horietako gehienak Rowing Together GKEaren zaintzapean ospitaleko arreta jasotzen duten gaixotasun kronikoa duten pertsonak, haurdun dauden emakumeak eta sexu-indarkeriaren biktimak dira. Banaketa Team Humanity GKEk Moriako eremuaren ondoan duen espazio seguruan egiten da.
Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatarien (ACNUR) datuen arabera, 2019aren amaierara arte 125.472 errefuxiatu iritsi ziren, horietatik % 47 Greziako uharteetara heldu ziren. Aurten, orain arte, 13.774 lagun iritsi dira Europara; horietatik 6.127 lagun Greziara heldu dira eta 1.853 Lesbosera.