Euskotrenek autobus garraio berezia eskaintzen du Osakidetzako langileentzat

0

Eusko Jaurlaritzako bi sailen arteko akordioan oinarrituta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Euskotreni, bere eskumeneko sozietate publikoari, agindu dio garraio berezi hori egiteko, osasun-langileak Debagoieneko eta Galdakaoko bere lantokietara eramateko.

Neurri horrek sektoreko profesional ugarik lantokira joateko zituen garraio-beharrei erantzuten die. Zehazki, garraio publikorik ez duten langileak dira, edo 30 minututik gorako lineen arteko elkar-aldaketa egin behar dutenak, etxera itzultzeko zerbitzurik ez dutenak edo joan-etorrien denbora luzatzen zaienak, tarteko geralekuen kopurua dela eta.

Kontuan hartuta pertsona horiek egiten ari diren ahalegina, lanaldi gogor eta luzeetan, osasun-alarmaren salbuespenezko egoeran, beren etxeetatik lantokietarako joan-etorriak erraztu behar zaizkie. Euskotrenek behar adina langile eta ibilgailu ditu une honetan horretarako, eta, beraz, lan horretan laguntzea onartu du.

Atzotik, apirilak 13tik, martxan da Usansoloko Ospitalearen eta Derioko Seminario hotelaren arteko eguneroko garraioa, osasun langileentzat egokitu diren hotel ostatuetako batetik, hain zuzen.

  • Derioko Seminarioa – Usansolo ospitalea (Galdakao)

Atzo estreinatutako zerbitzuak hotelean ostatu hartu zuten hogei pertsona inguru lekualdatzeko asmoa du, baina Osakidetzak izan ditzakeen behar berriak asetzeko lankidetza hori zabaltzeko konpromisoa dago. Gaurtik, Debagoieneko zentroetara garraiatzeari ekingo diote; lau ibilbide desberdin egingo direlarik:

  • Gasteiz – Arrasateko Ospitalea – Oñatiko O.Z – Bergarako O.Z
  • Donostia – Zarautz – Arroa – Arrasateko Ospitalea
  • Bilbo – Durango – Elorrio – Arrasateko Ospitalea
  • Eibar – Soraluze – Bergara – Arrasateko Ospitalea

Oraingoz, apirilaren 30era arte eskainiko da osasun-langileen garraio hori.