Hezkuntza sailak 834.400 euro bideratu ditu ikastetxe publikoetako elkarrizketa-laguntzaileen programarako

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, lankidetza-hitzarmen bat baimentzeko erabakia hartu du gaurko bileran. Hezkuntza Saila eta Hezkuntza eta Lanbide Hezitako Ministerioaren arteko hitzarmen horren bidez, 2020-2021 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren elkarrizketa-laguntzaileen jarduera arautzen da.

Datorren ikasturterako, hitzarmen hau tarteko, Hezkuntza Sailak 149 elkarrizketa-laguntzaile jasotzea eta finantzatzea aurreikusten du, bere menpeko ikastetxe publikoetan, batez ere Bigarren Hezkuntzakoetan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzea helburu hartuta. Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen 149 elkarrizketa-laguntzaileen artean, 134 ingeles hizkuntzakoak izango dira, bederatzi frantsesekoak eta sei alemanekoak.

Hezkuntza Sailak 834.400 euro bideratzen ditu 2020-2021 ikasturtean laguntzaile hauen egonaldia finantzatzeko. Hilero jasoko duten diru-laguntzaz gain, Elkarrizketa-laguntzaileen Programan parte hartuko duten pertsonek istripu-poliza ere izango dute, eta baita erantzukizun zibila ere, programaren barruko egonaldiak irauten duen bitartean.

Ahozkotasuna indartzea 

Elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Honi ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Beraz, elkarrizketako laguntzaileek irakasleei lagundu besterik ez dute egiten atzerriko hizkuntzako eskoletan, eta euren berariazko eginkizunak, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzera daude bideratuta. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta; baina inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikastean oinarritutako materialen prestaketa edo euren herrialdeko kultura irakastea.