Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak gazteentzako 25 apartamentu eta alokatzeko 15 etxebizitza sozial eraikiko ditu Oiartzunen

0

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Oiartzungo Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko baimena eman du. Hitzarmen horri esker, herrian 25 zuzkidura-bizitoki eta alokatzeko 15 etxebizitza sozial eraiki ahal izango dira.

Promozioa Elizalde auzoko ELI-3A eta ELI-3I hiri-azpieremuetan egikarituko da. Zehazki, Urkabe Baita izenez ezagutzen den jauregi-etxea osorik birgaitu eta handituko da. 6.059 m2-ko azalera baten gainean, gune horretan 20 eta 25 zuzkidura-bizitoki artean eraikitzea aurreikusi da. Aldi baterako etxebizitza-formula bat (gehienez bost urte), bereziki egokia premia bereziak dituzten kolektiboentzat eta gazteentzat. Era berean, aurreko eraikinetik hurbil dagoen 6.124 m2-ko partzela batean, alokatzeko 15 etxebizitza sozial —dagozkien garajeak eta eranskinak barne— izango dituen bizitegi-eraikin berri bat egitea aurreikusi da.

Izenpetutako hitzarmenaren arabera, Oiartzungo Udalak, sustapen hori gauzatzeko, hirigintza-antolamenduan beharrezkoak diren aldaketak egiteko eta doan eta kargarik gabe, bertan existitzen den eraikina eta lurrak —hauetako batzuk jabetza pribatukoak dira— Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari entregatzeko konpromisoa hartzen du. Bestalde, Sailak bere gain hartzen ditu eraikuntza-proiektuen erredakzioa, zuzkidura-bizitokiak ezartzeko Urkabe Baita eraikina berritzeko eta handitzeko lanak, etxebizitza-eraikin berriaren eraikuntza eta ingurunearen urbanizazio-lanak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartutako inbertsioa guztira 5 milioi eurokoa izango dela kalkulatu da; horietatik 4 milioi euro proiektuen erredakzioari eta bi sustapenen egikaritze-lanei dagozkie eta milioi 1 euro urbanizazioa egiteko, bai urbanizazio orokorra bai bi eraikinei lotutako urbanizazioa.

Hitzarmenaren arabera, Oiartzungo biztanleek lehentasuna izango dute zuzkidura-bizitoki eta gizarte-alokairuko etxebizitza horiek eskuratzeko. Hala ere, esleipen-prozeduran araudi orokorrean finkatutako kupoen sistema errespetatu beharko da. Udalak etxebizitza horietako batzuk ordezko bizitokia emateko edo premia espezifikoei erantzuteko erreserbatzea proposatu ahal izango du.