Ingurumen Sailak mila ingurumen-ikuskapen inguru egin zituen 2019an

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Zerbitzuak 981 ingurumen-ikuskapen egin zituen 506 industria- eta enpresa-jardueratan 2019an, Sailak argitaratutako jarduketa-memoriatik ondorioztatzen denez.

Egindako ikerketekin, Ingurumen Sailburuordetzak Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Programan 2019rako ezarritako programazio ia osoa bete da. Planak bederatzi ardatzen inguruan finkatu zituen joan den ekitaldirako lehentasunak: IPPC jardueren jarraipena; IPPC ez diren jardueren jarraipena; Ingurumen Lankidetzako Erakundeen ikuskapena; ingurumen-erantzukizuna; hondakinen lekualdaketa; IPPC instalazioetako isuriak etengabe neurtzeko sistemen kontrola; industrialdeen jarraipena; jarduerak eten ondorengo hondakin arriskutsuen eta gaien kudeaketa; eta programatu gabeko abisuen eta ikuskapenen kudeaketa.

Ondorio orokor gisa, nabarmentzekoa da denboran zehar ikertutako arlo ia guztietan hobera egin dela etengabe. Hobekuntza hori gertatu da, batez ere, enpresen betetze-maila handitu delako eta kritikoenen arriskua murriztu delako, ingurumen-kudeaketako sistemen hobekuntzei eta ez-betetzeen murrizketari esker.

Ingurumen-ikuskapenaren barruan, IPPC jardueren jarraipena izan da lehentasunezko ardatza: egindako ikuskapen guztien bi heren horretara bideratu dira (% 68). IPPC siglek kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari egiten diote erreferentzia. Kutsaduraren prebentzioari eta kontrolari buruzko 16/2002 Legeak ezartzen duenez, organo eskudunek ingurumena ikuskatzeko sistema bat izango dute, eta lege horren mendeko instalazio guztiak plan eta programa baten bidez estalita egongo dira. Izaera industriala duten eta kutsatzeko ahalmen handiagoa duten jarduerei eta instalazioei eragiten dien araua da.

Aipamen berezia merezi du herritarren lankidetzatik eratorritako abisuen eta programatu gabeko jardueren kudeaketak. Erantzuna eman zaio EAEn ingurumenean eragina duten abisuen kudeaketari, urteko egun guztietako 24 orduko arreta-zerbitzu batean. Hala, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 602 abisu kudeatu dira, eta horietatik eratorritako 73 landa-jarduketa egin dira. Abisu gehienek airearekin izan zuten zerikusia; gainerakoak natura-inguruneari, lurzoruari eta urari zegozkien.