COVID-19aren eraginez sortutako pandemiak ekarritako egoeraren aurrean, datozen asteetarako, pultsu kulturala ez galtze aldera, online izango diren hainbat ekimen jarri ditu abian EHUkulturak.
Hauek dira:
BIBA VOI
Biba Voi: Dario Fo Eta Franca Rame Akorduan antzezlana bertan behera geratu ostean, Mikel Martínez eta Irati Agirreazkuenagak alternatiba bat eskaintzen digute gure pantailetatik jarraitu ahal izateko, lan horretan oinarritutako mokau bat, hain zuzen.
Ikuskizun horretan errepaso bat egiten da Dario Fo (Literatur Nobel Saria) eta Franca Rameren bizitza artistikoarena, euren izaerarena, lanena, ideologiarean eta konpromisoarena. Hala, aktoreek obra desberdinen pusketak taularatzen dituzte modu umil eta hurbilean. Patxo Telleriak idatzitako gidoiaren bitartez, antzezleek testuak irakurri zein interpretatu egiten dituzte, bi artista esanguratsu horien bizitzan murgiltzeko eskuliburu gisa funtzionatzen duelarik.
GURE HITZAK
Irakurketa sustatzeko asmoz, Gure Hitzak (UPV/EHU, 2019) liburuko hainbat kapitulu argitaratuko ditu unibertsitateak. Guztira 10 emanaldi daude programatuta gaian barneratzeko idazleek egindako ekarpen bereziekin: bideoak, aurkezpenak, irakurketak, ilustrazioak, etab.
CERTAMEN DE RELATO BREVE ‘En cuarentena’
UPV/EHUk eta El Correok abian jarri dute kontakizun laburren lehiaketa. Kontakizunok ostiral eta larunbatero argitaratuko dira egunkariaren webgunean. Maiatzak 18ra arte har daiteke parte eta epea amaituta ezagutaraziko dira irabazleak eta sariak.
MUSIVERSIKA
Musiversika, UPV/EHUren lehiaketa musikalaren hirugarren ediziorako deia zabaldu da. Aurkezpen epea ekainaren 30ean bukatzen da eta banakako zein taldekako musika proiektuek har dezakete parte. Baldintza bakarra: partaideetako bat UPV/EHUko unibertsitate komunitateko parte izatea (ikasle, AZP zein IIP). Finalistek, diru-saria lortzeaz gain, irailak 16an Arabako Unibertsitate Pabiloian joko dute.
Gainera, jasotako proposamenetatik G9 taldearen lehiaketa musikalean UPV/EHU ordezkatuko duen proiektua hautatuko da.
BARRO ROJO
Bizkaia Aretoan taularatzekotan zen antzezlanaren atzerapena dela eta, apirilak 16tik aurrera EHUKultura blogean online erakutsiko dira puska batzuk aurrerapen erara.