Erakundeak koordinatuta, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erronkaren aurrean

0

Gaur goizean bilera egin da bideo konferentzia bidez COVID-19ko krisialdian emakumeen aurkako indarkeriaren arloan martxan dauden zerbitzu eta baliabideen jarraipena egiteko, Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko Erakundeen arteko II. Akordioaren jarraipen-batzordearen testuinguruan.  Emakundek koordinatzen du batzorde hori, eta bertan daude ordezkatuta emakume biktimen arretan inplikatuta dauden erakunde guztiak (Eusko Jaurlaritzako sei sail ezberdin, foru-aldundiak, udalak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Abokatutzaren Euskal Kontseilua, Euskal Kontseilu medikoa, Arartekoa…). Azken hilabete honetan, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko baliabideen eta zerbitzuen jarraipen egiteko erakundeen arteko laugarren erronda izan da, egoerari buruzko datu eguneratuak eta beharrei egokitutako erantzuna ematen joateko.  Gaurko bileran Jaurlaritzak eta aldundiek kudeatzen dituzten baliabideen mapa eguneratu da.

Hala, biktimak artatzeko 24 orduko telefonoa aktibo dago (900840111), indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak aktibo jarraitzen daude (bortxa telefonoa, genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…), genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebazten jarraitzen da (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago), bermatuta daude Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntza osoa hiru lurraldeetan, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza juridikoko doako zerbitzuak, berehalako harrera-zerbitzuak, biktima diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak, besteak beste.

Denbora horretan, 24 orduko telefonoari eta 112 telefonoari buruzko informazioa indartu da, materiala hainbat hizkuntzatan argitaratu da, eta Emakunderen eta EDEKAren arteko lankidetzaren bidez, desgaitasunaren arloan lan egiten duten euskal erakundeak biltzen dituen euskal koordinakundeak materialak egokitu ditu, konfinamendu-aldian indarkeria matxista jasaten ari diren emakume desgaituengana ahalik eta modurik eraginkorrenean iritsi ahal izateko.

Halaber, krisi-garai honetan jarritako salaketen kopurua errepasatu da, eta egiaztatu da genero-indarkeriako salaketak erdira jaitsi direla urteko beste une batzuekin alderatuta. Hala, martxoaren 7tik 13ra 90 salaketa jarri baziren, martxoaren 14tik 20rako astean 43raino jaitsi ziren, eta martxoaren 21etik 27rako astean 37 izan ziren, martxoaren 28tik apirilaren 3ra 44 salaketa eta apirilaren 4tik 10era 39 salaketa.

Konfinamendu-denbora honetan izan daitekeen beherakadaren arrazoien artean, erasotzailearekin bizitzen ari den bitartean salatzeko zailtasunak eta beldurra aipatzen dira, nahiz eta hipotesi hau ere kontuan hartzen den: gizarte-kontrol handiagoa eta auzotarren hurbiltasun handiagoa alboko etxean 24 orduz egonda, herritarrak gai horiekiko gero eta kontzientziatuago dauden une hauetan. Alde horretatik, funtsezkoa da auzoaren jarrera aktiboa eta zaintzailea, kasu horietarako laguntza bide izan daitekeen auzo bat. Izaskun Landaida, emakundeko zuzendariak adierazi duenez, «emakumeek sentitu behar dute ez daudela bakarrik eta seinale txikienaren aurrean laguntzeko prest gaudela».Era berean, kontuan izan behar da genero-indarkeriako kasu askotan erasotzailea biktimarekin bizi ez den bikotekide ohia dela, eta une honetan beste etxebizitza batean egongo litzatekeela, eta horrek ere eragina izan dezake jaitsiera honetan.

Prebentzio-lan gisa, Ertzaintza arriskugarritzat jotzen diren kasuen banakako jarraipena egiten ari da.

24 ordutako telefono bidezko arreta zerbitzura egindako deiei dagokienez, SATEVIk (900840111) konfinamenduaren aurreko asteetan egindako dei kopuruari eutsi dio, baina berehalako beharrei dagozkienak igo egin dira informazio eskatzen dutenekin konparatuz, bai eta bisita- eta zaintza-araubideei buruzko kontsultak ere. Esku-hartzeak egunero 6 eta 8 bitartean izaten dira.