Segurtasuneko sailburua polizia-koordinazioko mekanismoen eraginkortasunaren alde agertu da

0

Gaur erregearekin, Barne ministroarekin eta Kataluniako eta Nafarroako herrizaingoko kontseilariekin egin duen bideo-deian

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua Segurtasun Batzordearen mende dauden batzorde teknikoen bidez Estatuko segurtasun-indarrekin ezarritako polizia-koordinazioko mekanismoen eraginkortasunaren eta Euskadiko Poliziak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko tokian tokiko koordinazio-batzordeen bidez ezarritako koordinazioaren alde agertu da.  Beltrán de Herediak gaur goizean erregearekin, Barne ministroarekin eta Kataluniako eta Nafarroako herrizaingoko kontseilariekin egin duen bideo-dei batean egin ditu adierazpenok, eta deiak iraun duen bitartean berarekin egon dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gervasio Gabirondo eta Josu Bujanda Ertzaintzaren zuzendaria eta burua.

“Funtsezko zerbitzua gara, eta egoera honetan ezinbesteko euskarria gara osasun-agintariek COVID-19a hedatzea eragozteko ezarritako neurriak betearazteko. Polizia eta laguntza lan hori osasun-zerbitzuek aitortzen dute, euskal gizarteak aitortzen du eta nik neuk ere balioetsi eta eskertu egin nahi dut Eusko Jaurlaritzaren eta ordezkatzen ditugun erakundeen izenean”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak, eta doluminak eta elkartasuna ere helarazi dizkie osasun-krisialdi honetan hil diren Guardia Zibileko, Esquadra Mossoetako eta Polizia Nazionaleko agenteen familiei eta lankideei.

Bideo-deian Beltrán de Herediak adierazi du osasun-krisialdia hasi zenetik Ertzaintzak eta udaltzainek 100.000 ibilgailu baino gehiago kontrolatu dituztela eta 63.000 pertsonari baino gehiagori eskatu dizkietela desplazamenduari buruzko azalpenak. “Gure gizartea arduratsua eta erresilientea dela egiaztatu dugu, egoera zail eta gogor honetan ere solidarioa dela eta zailtasunei arduraz aurre egiteko gaitasun handia duela erakutsi baitu”, adierazi du.

Era berean, denbora horretan guztian Ertzaintzan hartutako prebentzio, antolaketa, higiene, garbiketa eta desinfekzio neurriak ere aipatu nahi izan ditu, eta adierazi du positiboak izan direla kutsatzea saihesteko eta ahalik eta asistentzia eta polizia zerbitzu gehien izateko aktibo.

Sailburuak aipatu du konfinamendu eta mugikortasun arauak errespetatzea, diagnostiko-probak egiten etxez etxe dabiltzan langile sanitarioei laguntzea, agintari sanitarioen eta judizialen eskakizunei erantzutea eta garraio publikoak, osasun-zentroak eta beste azpiegitura sentikor batzuk zaintzea izan direla COVID-19ak eragindako zailtasunak eramangarriagoak izaten lagundu duten eginkizunetako batzuk.

“Nabarmendu nahi dut Euskadiko segurtasun-indar guztiak hartu dituela funtsezko zerbitzutzat Osakidetzak. Eta kontsiderazio hori lagungarria izan da egindako detekzio-proben ehunekoa igotzeko. Ertzaintzaren kasuan, % 7”, zehaztu du Segurtasuneko sailburuak bere esku-hartzean.