Martxoaren 14an ezarritako alarma-egoeraren ondorioz, denok daramagu, gutxi gorabehera, hilabete bat etxean sartuta. Egoera honen aurrean, eta lehen unetik, Zarauzko Udalak neurri sorta bat jarri zuen martxan, batez ere, zarauztarren segurtasuna bermatzeko eta, ahal den neurrian, zaurgarritasun egoeran dauden, edo egon litezkeen, pertsona guztiei laguntzeko.
Era berean, Kirol eta Gizarte Zerbitzuetako sailetatik, Zarauzko adinekoei zuzendutako ekimen bat jarri zuten martxan: jarduera fisikoa egiteko multimedia saioak. «Gure egunerokotasunean jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da, ez bakarrik adineko pertsonentzat, baita guztiontzat ere. Alarma egoerak eta etxean konfinatuta egoteko beharrak gure eguneroko errutinak egokitzera behartu gaitu. Adibidez, adineko pertsona askok ohitura zuten goizero paseatzera ateratzeko, edo Tipi Tapa eta Soinketa +65 doako programetan parte hartzeko. Horregatik multimedia saio sorta bat ekoitzi dugu, Aritzbatalde Kiroldegiko begiraleekin batera, adineko pertsonak euren etxeetan aktibo mantentzeko, fisikoki zein psikologikoki’, azaldu du Leire Aranak, Kirol zinegotziak (EAJ-PNV).
Ekimen honetan Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) laguntzen du, Erlo Telebista eta Zarauzko Hitzaren plataforma digitaletan saio guztiak emitituz. «Hasieratik pentsatu genuen Erlo Telebista zela zarauztar guztien etxeetara iristeko biderik egokiena, eta UKTk berehala erakutsi siguen laguntzeko prestutasuna. Horrela, adinekoei zuzendutako 30 minutuko bi saioekin hasi gara; lehenengoa 11: 00etan eta bigarrena 18: 00etan. Saio horietan gorputzaren atal guztiak lantzen dira, baita koordinazioa eta oreka, indarra, oroimena … «, zehaztu du Aranak.