Adinekoen egoitzetan bizi diren pertsona guztiak agurtzeko eta zoriontzeko ekimen berria

0

Donostiako Udalak, Mugikortasun Sailaren bitartez, adinekoen egoitzetan bizi diren pertsona guztiak agurtzeko eta zoriontzeko ekimen bat jarri du abian, konfinamendu-egoerak irauten duen bitartean. Modu horretan, Udalak bere maitasuna eta babesa helarazi nahi die pertsona horiei guztiei. Aste honetan hiru bisitatu dituzte, Egian, Grosen eta Intxaurrondon.

Orain arte Donostiako haurrak protagonista baziren, oraingo honetan, gure adinekoak izango dira mugikortasun-agenteen bisita jasoko dutenak egoitzaren atarian edo hurbilen dagoen leihoan urtebetetze-egunean, eta kaletik zorionduko dituzte megafoniaz eta musikarekin.

Gaur eguerdian Intxaurrondoko Txara I.era joan dira, pertsona bati zorionak ematera. Aste honetan La Pazeko Andre Marian ere izan dira, Egian eta Villa Sacramenton, Grosen.

Bisitak egoitzekin koordinatuta egiten dira, egoiliarren egunerokotasuna gehiegi ez aldatzeko. Oraingoz, harremanetan jarri diren 21etik, 9 dira Sailaren deia jaso ondoren interesa agertu duten egoitzak.