Donostiako suhiltzaileek 139 desinfekzio egin dituzte azken asteetan

0

Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak 139 desinfekzio egin ditu martxoaren 23an kanpaina hasi zuenetik, hau da, egunean 7 desinfekzio, batez beste.

Desinfekzio lan horien xede 41 eraikin, instalazio eta azpiegitura izan dira, nahiz eta jarduera nagusia zaharren egoitzak eta laguntza espezializatuko zentroak desinfektatzea izan den. Guztira, mota horretako 30 zentrotan egin da desinfekzio lana.

Astero, eta kasu batzuetan astean bitan, hiriko suhiltzaileek eremu komunak desinfektatu dituzte, hala nola jantokiak, atsedenguneak, eskailerak eta korridoreak, bai eraikinen barruan bai kanpoan.

Herri Segurtasunako eta Herri Babesako zinegotzi Martin Ibabek adierazi duenez, “desinfekzio horiek maizago egin dira COVID-19 kasu positiboak hauteman diren zentro edo egoitzetan”.