Hamar lagunetik bederatzik negatibo eman zuten COVID-19an Euskadin

0

Kutsatuak 12.089 dira, hildakoak 992 eta osatutakoak edo alta emandakoak 6.144

Kutsatuak behera egiten ari diren era berean, murrizten ari da presio asistentziala, eta solairuan ospitaleratutakoak % 40 gutxiago dira eta ZIUn daudenak % 30 gutxiago, apirilaren 1ekin alderatuta

Atzo arratsaldeko 20:00ak arte konfirmatutako beste 299 positibo izan dira Euskadin, eta kutsatutakoak, beraz, 12.089 dira guztira. Horietatik 1.143 gure ospitaleetan ingresatuta daude. Lurraldez lurralde:

ARABAN, 3.156 kutsatu daude, eta horietatik 187 ospitalean daude.

BIZKAIAN, 6.667 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 698 ospitalean daude.

GIPUZKOAN 2.266 dira positiboak, eta horietatik 258 daude ospitalean.

Apirilaren 17ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 38 187 304 3.156
BIZKAIA 225 698 500 6.667
GIPUZKOA 36 258 188 2.266
EUSKADI GUZTIRA 299 1.143 992 12.089

Atzo beste 36 heriotza erregistratu ziren, eta Euskadin, beraz, jada 992 lagun hil dira COVID-19aren ondorioz. Datu horri kontrajarrita, positiboa da kutsatuei, ospitaleratuei eta ZIUetako okupazioari buruzko datuen bilakaera.

Horrela, apirilaren 1ean 1.679 pertsona zeuden solairuan ospitaleratuta, eta une hauetan 980 daude, ia % 40 gutxiago. Presio asistentzialaren beheranzko joera hori ZIUetan ere antzematen da, une hauetan hilaren hasieran baino 64 pertsona gutxiago baitaude, hau da, ia % 30 gutxiago. Arabako Unibertsitate Ospitalean, hasieran koronabirusak gehien zigortu zuen ospitalea izanik, une hauetan gehiago dira COVID-19a ez duten pertsonen ospitaleratzeak COVID-19a dutenenak baino.

Bestalde, kutsatuen ehunekoak behera egiten jarraitzen du egunetik egunera. Atzo guztira 3.212 test egin ziren, orain arte egindako test kopururik handiena, eta horietatik % 10ek bakarrik eman zuten positibo. Hau da, hamar probatik bakarrak eman zuen positibo, eta hilaren hasieran hamarretik hiruk ematen zuten. Guztira 48.230 proba egin dira.

Osatzen ari diren edo alta emanda dauden pertsonen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du, eta atzo 6.144 ziren.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak behin berriro ere bere nahigabea adierazi nahi izan du pandemiaren ondorioz hiltzen ari diren pertsona guztiengatik eta bakoitzarengatik. Alde horretatik, nabarmendu du egoitzetako egoerak lehentasuna duela: egunez egun ari gara lanean biztanlerian, orokorrean, eta gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen kasuan, bereziki, transmisioa geldiarazteko.

Osasun Sailak berretsi du Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen konpromiso irmoa pandemiaren aurka borrokan jarraitzeko, eta berriz ere herritarren laguntza eskatu du, konfinamendu-neurriak eta autobabes-neurriak funtsezkoak direla-eta egindako bide luzean atzera ez egiteko.