Turismo Sailak erreminta interaktibo bat jarri du herritarren eskueran EAEn irekita dauden oinarrizko saltokiak kontsultatzeko

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Euskadiko Merkataritza Elkarte eta Federazioekin lankidetzan, erreminta digital berri bat jarri du herritarren eskueran; haren bidez, COVID19aren Alarma Dekretuko neurrien arabera oinarrizko zerbitzuak aurrez aurre edo telematikaz eskaintzen dituzten establezimenduen zerrenda kontsulta daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko bost mila establezimendu baino gehiago alarma-egoerako Errege Dekretuak oinarrizkotzat hartu zituen zerbitzuak eta produktuak eskaintzen ari dira. Horien artean daude elikagaien, edarien eta premia biziko gaien dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak zein ortopedia-dendak, produktu higienikoen saltokiak, kioskoak eta paper-dendak, gasolindegiak eta garraiolariak artatzeko zerbitzuguneak, tabako-dendak, teknologia- eta telekomunikazio-ekipamenduen salmentarakoak, etxeko abereen elikagaien dendak, internet, telefono edo posta bidezko merkataritza, eta etxez etxeko janari-salmenta, tindategiak eta garbitegiak. Urgentziako kasuetarako, tailer mekanikoek ere zerbitzua eman dezakete.

Erreminta Eusko Jaurlaritzaren webgunean eta haren sare sozialetan kontsulta daiteke. Mapa interaktibo bat kontsultatzeko aukera ematen du, eta irekita dauden eta etxez etxeko banaketa egiten duten establezimenduen inguruko informazioa erakusten du. Mapa etengabe eguneratzen da, eta prest dago uneoro berritasunak gehitzeko.

Etengabe eguneratzen den mapa horrek saltoki guztiak ikusteko balio du, edo are, horiek hurbiltasunaren, sektorearen edo etxez etxeko zerbitzuaren arabera aukeratzeko.

Maparen bidez, ikus daiteke ia lurralde osoan daudela erabil daitezkeen saltoki irekiak. Bezeroekin harremanetan jartzeko modu ohikoena telefonoa da artean ere. Gainera, aurrez aurreko eskaintza ez duten establezimenduek (aholkularitzak, etxez etxeko janari-zerbitzua duten jatetxeak, etab.) webgunearen edo posta elektronikoaren bidez eskaintzen dute zerbitzua.

Une hauetan, elikagaien saltokiak, banaketa eta horietako pertsona langile guztiak onura publikorako ari dira lanean, eta eskertu behar zaie, pertsona kontsumitzaileek hori errespetatu behar dute. Hurbileko merkataritzak, gure kale, auzo eta herrietan, agerian utzi du oinarrizkoa dela ondasun eta zerbitzuen katea ordena osoz hornitzen jarraitzeko.

Gure Saila etengabe dabil harremanetan bere sektorearekin, hari gure babes osoa helarazteko. Haien eskueran informazio hauxe jarri dugu: merkataritza eta ostalaritzarako Errege Dekretuaren neurriak, laguntzen bilduma eta egoera honen aurrean babesa eman diezaiekeen guztia.