Alarma Egoerak dirauen bitartean, ortuak erabiltzeko jarraibideak ezarri dira Barakaldon

0

Alba Delgado zinegotzi ordezkariak gaur iragarri duenez, «Covid-19k eragindako kutsatzeak eta autokontsumorako nekazaritza-ustiapena uztartu nahi dituzte arau horiek». «Pertsona bakarra joan daiteke ortura, eta behar-beharrezkoa den denbora erabili horretarako. Eta kolektibitateen ortuei dagokienez, gehienez ere 10 lagun egon daitezke lursailean, eta bata bestearengandik behar beste urrunduta une oro. Gainera, ezingo dute bilera edo ekitaldirik egin», adierazi du Delgadok.

Jarraibide horiek «Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun-alarman ezarri beharreko irizpideak» dokumentuaren 14. puntuan daude oinarrituta. Eusko Jaurlaritzak onartu zituen irizpide horiek, joan den apirilaren 15eko azken berrikuspenean.

Idazki horretan, honako hauek baimentzen dira: «produktuak biltzea, mantentze-lanak egitea, lurra ereiteko eta landatzeko prestatzea, landatzea eta ereitea bera, bai eta familiako ortuak ureztatzea eta ongarritzea ere». Hori bai, bigarren egoitzetan dauden baratzeak ez dira kontuan hartzen

Baratzetako jarduera egiaztatzeko, honako agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko dute erabiltzaileek: jabetza-titulua, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistroa, lurzatiaren jabeak ustiapenerako laga izanaren ziurtagiria edo, baratze kolektiboen kasuan, haiek kide dituzten erakundeak edo entitateak emandako egiaztagiria edo harekiko lotura agertzen duen dokumentazioa.

«Barakaldoko bizilagun eta kolektibo batzuk harremanetan jarri dira Zinegotzigoarekin azken egunotan, ortuak nola ustiatzen jarrai dezaketen galdetzeko, kontsumitzeko elikagaiak lortzeko aukera ematen baitiete. Irizpideak bateratu eta jarduera nolabait arautu nahi dugu jarraibide horiekin», ondorioztatu du Alba Delgadok.