Alavabuseko garraio erregularreko lineen zerbitzuak %30etik %50ra gehituko dira

0

Alavabusen errepidezko hiri arteko garraio lineen zerbitzuak ohikoen %30etik %50era gehituko dira apirilaren 22tik (datorren asteazkenetik) aurrera, langileen mugikortasuna, oinarrizko zerbitzuez baliatzeko aukera eta bidaiarien arteko segurtasun tartea ziurtatzeko.

Eskaintzaren gehikuntza horren barruan, maizago izango dira zerbitzuak zenbait lineatan, hainbat eskaerari erantzuteko eta, besteak beste, osasun eta gizarte zentroetan lan egiten duten arabarren mugikortasun beharrak betetzeko. Zenbait linea eta ordu-tarteren indartze hori Gizarte Politiken Sailarekin koordinatuta egin da.

Krisia hasi zenetik, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila etengabe ebaluatuz joan da foru garraioaren arloko eskaria, enpresa emakidadunekin elkarlanean eskaintza moldatzeko mugikortasuna murriztea eta, aldi berean, langileen mugikortasuna ziurtatzea helburu duten dekretu eta ministroaginduetako jarraibideetara.

Hala, martxoaren 16an eskaintza ohiko zerbitzuen %40ra murriztu zen, eta martxoaren 26an %30era, bidaiari kopuruan %95 baino gehiagoko beherakada nabarituta. Datuek aditzera ematen dute eskaria pausoz pauso handituz doala apirilaren 14tik aurrera. Horregatik, apirilaren 22tik (datorren asteazkenetik) aurrera, eskaintza handitu egingo dugu, langileen mugikortasuna, oinarrizko zerbitzuez baliatzeko aukera eta bidaiarien arteko segurtasun tartea ziurtatzeko.

Aldundiaren menpeko hogei garraio lineen ordutegi berriak bihar egongo dira eskuragarri www.araba.eus/alavabus webgunean.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak, krisia hasi zenetik, beste segurtasun neurri batzuk ere ezarri ditu, hala nola BAT txartela bakarrik erabili ahal izatea ordaintzeko, bidaiariak autobusaren atzeko atetik sartzea, lehenengo ilaretako eserlekuak erabili ezinik uztea, eta autobusen desinfekzioa indartzea.