Bilboko Udalak eta Topaguneak hiriko gazteen artean euskara sustatzeko antolatzen duten “Harrapazank” kultur programa arrakastatsuak, konfinamenduak eragindako oztopoen ondorioz, udaberri honetarako aurreikusitako eskaintza eraberritu du. “Harrapazank isindahouse” programak kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko tailer, ekitaldi eta lehiaketa interesgarriak eskainiko ditu Bilboko gazte euskaldunen etxeetan, apirilaren 20tik maiatzaren amaierara arte, etxean gelditzea ezinbestekoa ez ezik, erakargarria ere izan dadin.
Harrapazank-en online bertsioak programaren jatorrizko helburu bera du: Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko kultur eta aisialdi-jarduera parte-hartzaile eta berritzailea eskaintzea. Etxeratze-aginduaren eragozpenari aurre egiteko asmoz, “Harrapazank isindahouse” ekimenak, etxetik aritzeko lau aukera prestatu ditu: “Klikazank” sareko proben lehiaketa, “Harrapazank eszena” talentu lehiaketa ezagunaren online bertsioa, “Arratsaldeak” tailer eskaintza oparoa eta Harrapazank zuzeneko jaia.
Programak hainbat sari banatuko ditu gailu eta opari-txarteletan, eta parte hartzeko xehetasunak www.harrapazank.eus webgunean eskura daitezke.