Elikagaien Bankuari on line dohaintzak eginez laguntzeko deia egin du Barakaldoko alkateak

0
Elikagaiak banatzen dituzten Barakaldoko elkarteei 20.000 euroko laguntza ematen die Barakaldoko Udalak janari freskoagoa eta premiazko produktuak erosteko; eta boluntarioen eta erabiltzaileen artean maskarak banatuko dira. Boluntarioek ezin dutenez orain, elikagaien bilketa bertora joanda egin dendetan, www.bancali-biz.org/es webgunearen bidez ekarpenak egitera animatu ditu Amaia del Campok herritarrak.

Elikagaien Bankuari laguntzeko kanpainan parte-hartzeko deia egin du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak,  konfinamendu garaian bestelako bilketa-kanpaina bat egitea proposatu baitie hark herritarrei, boluntarioek supermerkatu eta elikadura-dendetara joaterik ez dutelako; horren ordez, dohaintzak jasoko dituzte beren webgunearen bidez.

«Barakaldon beti babestu izan ditugu Elikagaien Bankuaren kanpainak familia ahulenentzako janaria biltzen. Osasun krisi honek, baina, gure jokabideen ohiturak aldatzera behartzen gaitu, ez, ordea, funtsa; horregatik animatu nahi ditut Elikagaien Bankuarekin elkarlanean jarraitu nahi duten herritarrak, ahal duten neurrian, elikagaiak erosi eta krisiari aurre egin ahal izateko abian jarri duten kanpaina berri honen bitartez», adierazi du alkateak. www.bancali-biz.org/es/  webgunean ari dira jasotzen diru-ekarpenak. «Une honetan eta kalera segurtasunez irten arte, janari poltsen ordez diru ekarpenak egin behar ditugu, horrela, Elikagaien Bankuko boluntarioak eta harekin elkarlanean ari diren elkarteak  babestuko ditugu, bai eta geure aletxoa ekarriko ere, krisi honetan inor atzean gera ez dadin», azaldu du.