Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen eta Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC, ingelesezko sigletan) bitartez, abian jarri du Industria Zibersegurtasunerako 2020ko laguntza-programa.
Agerikoa da jasaten ari garen COVID-19 epidemiak neurri handiagoan edo txikiagoan eragiten diola enpresen eguneroko jarduerari. Hain zuzen, telelanaren gorakada/beharra, kasu askotan gailu pertsonalak ezinbestean lanerako erabili beharra eta langileen artean informazio labaina trukatzea, besteak beste, zibersegurtasun-intzidente bat jasateko arriskua areagotzen duten faktoreak dira.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ustez, zibersegurtasuna funtsezko elementua da ekonomia garatzeko, eta egoera honi erantzun ahal izateko, industria-zibersegurtasunerako laguntza-programarako 2020ko hasierako aurrekontua handiagoa izango da beste urte batzuetakoa baino: 1.300.000 euro. Hala ere, baliteke ekitaldi honetan aurrekontua handitzea, aurreko deialdietan egin den bezala.
Oso helburu argia duten laguntzak
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Basque Industry 4.0 Estrategian eta 2020ko Euskadiko Agenda Digitalean jasota dituen helburuen ildo beretik, programa honen xedea industria-arloan zibersegurtasunari bultzada ematea da, bereziki IT/OT inguruneetan (Information Technology/Operational Technology) zibererasoetatik babesteko sistemen bateratzea eta integrazioa jorratzen duten proiektuei, bai industria-arloko eta zerbitzu teknikoetako enpresetan, bai diseinu eta logistikakoetan, industriako produktu-prozesuei lotuta betiere.
Diruz lagundu daitezkeen proiektuetarako ezarri diren 10 tipologien artean, 2020ko edizio honetan hiru hauek nabarmentzen dira:
- Egoeraren diagnostikoa egitea industriak zibersegurtasunaren arloan dituen erronkei dagokienez, eta zibersegurtasuna hobetzeko ekintza-plana lantzea, are gehiago COVID-19ak ekarri duen eta enpresak beren jardunbidea aldatzera behartu dituen egoera honetan, batzuetan ez baitira jabetzen sortzen diren arriskuez. Beharrezkoa da aktiboen inbentarioa egitea, ikusgaitasun-eremua analizatzea eta kasu bakoitzean arriskuak eta ezarri beharreko neurriak aztertzea. Era berean, komenigarria da baimenik gabeko sarrerak atzemateko probak egitea, eta azterketak egitea web-aplikazioen zaurgarritasuna neurtzeko, haririk gabeko komunikazioen auditoretza egiteko, etab.
- Jardunbide egokiak ezartzea, industria-zibersegurtasuneko estandarretan edo onarpen zabala duten beste zibersegurtasun-estandar batzuetan jasotakoak. Segurtasun Eskema Nazionala (3/2010 Errege Dekretua) eta PIC Araudia (704/2011 Errege Dekretua) betetzeko egokitzapena egitea. Zibersegurtasuna kudeatzeko prozesua etengabe hobetzea, neurri espezifikoak ezarriz edo horiek eramanez aurrekoena baino heldutasun handiagoko mailetara.
- Babes-neurriak informazio estrategikorako edo labainerako, hala nola jabetza intelektuala, I+G+b estrategiak, eraikinen edo produktuen diseinuen planoak, DBEOren eraginpeko informazioa, edo negozioaren lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zerikusi zuzena duen beste edozein.
Programak honako arauak ditu:
- Gehienezko dirulaguntza 000 eurokoa izango da enpresako eta urteko.
- Laguntzen intentsitatea %50ekoa izango da oro har.
- Programa honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte Euskadiko Autonomia Erkidegoan industria-jarduerako zentro bat duten enpresek. Baita ere diruz lagungarria den jarduera Euskadiko Autonomia Erkidegoan gauzatzen dutenek.
- Oro har, proiektuak abiarazi aurretik aurkeztu beharko dira laguntza-eskaerak, baina salbuespen gisa onartuko dira eskaria egin aurretik sortutako edo fakturatutako gastuak, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuen kasuan.
- Laguntza-eskaerak aurkezteko epearen hasiera Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean programa argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko azaroaren 27ra arte iraungo du.
Aurreko bi edizioak, guztiz arrakastatsuak
Zibersegurtasun Euskal Zentroa 2017ko urritik dabil lanean, eta haren helburu nagusiak honakoak dira: zibersegurtasunarekin zerikusia duen enpresa-sektorea indartzea eta haren jarduera dinamizatzea; Euskadi posizionatzea arlo horretako nazioarteko erreferente gisa; eta euskal gizartean segurtasun informatikoaren kultura sustatzea. lldo horretan, laguntza-programa sortzea izan zen hartutako lehen neurrietako bat.
Programaren lehenengo ediziorako, 2018ko deialdian, 600.000 euroko aurrekontua egon zen hasiera batean, baina eskaria oso handia izan zenez kopurua handitu behar izan zen. Azkenean 102 proiektu onartu ziren (56 enpresa gipuzkoarrenak, 25 bizkaitarrenak eta 21 arabarrenak), eta emandako zenbatekoa 985.161 eurokoa izan zen.
2019ko deialdiak ere 600.000 euroko aurrekontua izan zuen hasieran, azkenean 216 egitasmo onartu ziren eta Eusko Jaurlaritzak 1.877.526€ eman zituen laguntzetan; horrez gain, 4,45 milioi euroko inbertsio pribatua egin zen, hau da, proiektuen igoera %211koa izan zen 2019an, aurreko urtearekin alderatuta.
Industria-eremuko euskal enpresa guztiei dei egiten diegu aukera hau baliatzera bere sistemen babesa hobetzeko. Horrek, berez dakarren onuraz gain, balio bereizlea eta lehiatzeko abantaila emango dizkie.