Lantegi batuak-en SestaoBarri enplegu-zentro berezia bisitatu du Lehendakariak

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak Lantegi Batuak enpresako SestaoBarri enplegu-zentro bereziko instalazioak bisitatu gaur goizean, aldamenean zituela Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Txema Franco Lantegi Batuakeko zuzendari nagusi eta EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko) presidentea, Pablo Gonzalez Sareen Sareko presidentea, Susana Gorbeña Lantegi Batuak Fundazioko presidentea, Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, zenbait neurri hartuko ditu Covid-19aren pandemiak enplegu babestuaren esparruan dituen ondorioei aurre egiteko. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizarteratze-enpresei eta enplegu-zentro bereziei ematen dizkien laguntzei eutsiko die, laguntza gehigarria emanez. Laguntza hori Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 50aren baliokidea izango da enplegu-zentro berezietan. “Kontratu batzuk aldi baterako eten diren arren, ekarpen horri eustea lagungarria izango da pertsonek beren ohiko soldataren % 100a kobratzeko modua izan dezaten, diru-sarreretan batere galerarik izan gabe, alarma sanitarioak irauten duen bitartean. Ez hori bakarrik. Bermatu egingo da krisia gainditutakoan enpleguari eustea, hori baita garrantzitsuena kolektibo horrek Euskadin lortutako inklusio-kota altuetan aurreratzen jarraitzeko”, azaldu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Gizarteratze-enpresen kasuan, Lanbidek kopuru finko bat emango du bazterketa-arriskuan diren kontratatutako pertsonetarako.

Bisitan, Lehendakariak nabarmendu du bere gobernua tinko jarraituko duela enplegu babestuari eusten eta Euskadin desgaitasuna duten pertsonen laneratze tasa altuak sendotzen. “Bazterketa-arriskuan diren eta desgaitasuna duten pertsonen diskriminazio positiboaren aldeko apustuari eusten diogu”.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila iraunkorki dago harremanetan EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearekin (irabazi asmorik gabeko Euskal Autonomia Erkidegoko elkartea), desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen baitu, Gizatea, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin, eta Berezilan, Bizkaiko Enplegu Zentro Berezien Enpresa Elkartearekin. Horrenbestez, Artolazabal sailburuak “kezka” agertu du geldialdi ekonomikoak ondorioak ekar diezazkiekeelako enplegu-zentro berezi eta gizarteratze-enpresei, “ezin bestekoak baitira desgaitasuna duten eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea bermatzeko”.

“Enplegu-zentro bereziei eta laneratze-enpresei zuzendutako zerbitzuek edo programek kolektibo jakin batzuen diskriminazio positiboa egiten dute. Desgaitasuna duten edo baztertuta dauden pertsonak dira, kolektibo kalteberak argi eta garbi, eta haien soldatak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ingurukoak dira gehienetan”, gogorarazi du Urkullu Lehendakariak.