Errenta-kanpaina honetan, Foru Ogasunak bide batzuk abiarazi ditu herritarrek Bak gakoa aktibatu dezaten; izan ere, gakoa erabilita aukera izango dute zenbait izapide telematikoki egiteko, Ogasunaren bulegoetara joan beharrik gabe. Bak gakoa identifikazio-metodo digital seguru, pertsonal eta besterenezin bat da, NAN zenbakiaz eta pasahitz batez osatua. Ogasunarekin zerikusia duten izapide guztiez gainera, Bak gakoak aukera ematen du Bizkaiko Foru Aldundiarekiko beste izapide batzuk ere online egiteko.
Foru Ogasunak errenta-kanpainarako ezarritako zerbitzuei esker, 7.088 pertsonak aktibatu dute beren Bak gakoa apirilaren 6tik 19ra, gehienek errentaren web-orrian jarrita dagoen aplikazioa erabilita.
Bak gakoa oraindik ez duten pertsonek bide hauen bidez lor dezakete:
- www.bizkaia.eus/renta helbidean, atal bat jarri da Bak gakoa modu erraz batean aktibatzeko. Eragiketa horren segurtasuna bermatzeko, Foru Ogasunak bizkaitar guztiei bidalitako identifikazio-kode bietako bat behar da: errenta-gakoa edo Errenta Etxean proposamenarekin batera bidalitako kodea.
- Ogasunaren egoitza elektronikoan (Bizkaibai) eta Foru Aldundiarenean.
- Ogasunaren eta Gerturen hamar bulegoetako edozeinetara joanda. Zerbitzu hau, gaur egun, etenda dago larrialdi sanitarioaren ondorioz, eta berriro ere hasiko da arreta presentzialeko zerbitzuak abiarazten direnean.
- 2019ko Errenta Kanpainan, Foru Ogasunak berriro ere eskainiko du aitorpenak erakunde laguntzaileen 250 bulegoetan doan egiteko zerbitzua (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, La Caixa, Santander eta Banco Sabadell). Horrez gainera, zerbitzu hori erabiltzen duten pertsonei aukera emango zaie Bak gakoa aktibatzeko baldin eta aurretik ez badute.
431 milioi euro itzuliko dira guztira
Larrialdi sanitarioak ekonomian dituen ondorioak ikusita, Foru Ogasuna saiatuko da 2019ko ekitaldiko PFEZari dagozkion itzulketak arinago egiten: guztira, 431 milioi euro. Hori dela eta, aitorpena dela-eta dirua jaso behar dutenei gomendatzen zaie aitorpena ahalik eta lasterren egiteko. Lehenengo, Errenta Etxean proposamena jaso dutenei eta aitorpena internet bidez egin dutenei itzuliko zaie dirua. Horretarako, web-orrian dagoeneko zergadun guztien esku daude laguntza-programa eta datu fiskalen kontsulta.
Egoera sanitarioak aukera ematen duenean, abian jarriko dira aitorpena banku-erakundeetan egiteko aukera eta Foru Ogasunaren bulegoetako arreta presentziala. Zerbitzu presentzialak, aurreko kanpainetan bezala, gutxienez ere bi hilabetetan mantenduko dira, eta haien amaierak markatuko du Errenta eta Ondare kanpainaren bukaera.