Arabako Ogasunak 185 euro aurreratuko dizkie enpresei, autonomoei eta familiei

0

COVID-19 gaixotasunak eragindako krisia hasi zenean, lurraldeko enpresen eta autonomoen likideziaren aldeko apustua egitea izan zen Arabako Foru Ogasunak hartu zuen lehenengo neurrietako bat. Horrela, BEZa eta PFEZaren konturako atxikipenak ordaintzeko luzapenak onetsi zituen: zergadunek ez dituzte ekainera arte edo alarma egoera pasa arte ordaindu beharko, kasuan kasuaren arabera. Arabako familiak ere neurri horien onuradun izan daitezke; izan ere, errenta aitorpena positiboa izanez gero, zergadunek ez diote azaroaren 20ra arte ordaindu beharko Ogasunari. Neurri horien ondorioek aurtengo dirubilketan gerora izango dute eragina, eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatu Itziar Gonzalok 185 milioitan kuantifikatu ditu.

Bestalde, beste neurri batzuek zuzeneko ondorioak izango dituzte aurtengo dirubilketan, besteak beste, Arabako autonomoentzako eta profesionalentzako ordainketa zatikatuak bertan behera uzteak. Horren ondorioz, 16,5 milioi euro gutxiago jasoko ditu Ogasunak 2020an.

Gainera, dirubilketa nabarmen txikiagoa izango da, Gonzaloren esanetan, «jarduera ekonomikoa gelditu eta murriztu delako, eta zergak ordaintzeko arazoak dituzten zergadunei erraztasunak emateko ohiko neurriek izango dituzten ondorioak direla eta».

Gaur goizean eman du egoera ekonomikoaren berri Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailaren arduradunak, Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldi telematikoan. Agerraldiaren helburua zen osasun krisialdian hartutako neurriak azaltzea.

Hala eta guztiz ere, Gonzalok itxaropen mezua helarazi du: «Gure gobernuak zorroztasunez jokatu eta kudeaketa egokia egin du orain arte, eta horrela jarraituko dugu, krisialdi honetatik irteteko. Gure helburua ekonomia leheneratzea da, eta inor atzean ez uztea, eta xede horiek kontuan izanda ari gara lanean krisialdiaren lehen egunetik».