Konfinamenduan ikasleren jarduera fisikoaren aldaketari buruzko azterlana

0

Hamasei unibertsitateko partzuergo batek proiektu bat egingo du COVID-19aren pandemia dela eta konfinamenduan dauden unibertsitate ikasleen ariketa fisikoan izandako aldaketak aztertzeko, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko AgeingOn taldea da partzuergo horren buru. Konfinamenduko ohitura aldaketen eta osasun parametroen eta bizi kalitatearen aldaketen baldintzatzaileak ere aztertzea aurreikusten da. Honela egingo da proiektua: Online galdetegi bat bidaliko zaie Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sarea (EXERNET) osatzen duten unibertsitateetako 500.000 ikasleri (Euskal Herriko Unibertsitatea sare horretan dago).

«Azterlan hau parekorik gabeko ikerlan bat da nazioartean, bai ziurgabetasun aldi honetan unibertsitate ikasleek dituzten ezaugarri eta egoeragatik, bai konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan direlako Espainiako estatuan munduko herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoa egiteari dagokionez», Jon Irazusta AgeingOn taldeko ikerlari nagusiak eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko katedradunak azaldu duenez. «Azterlanaren emaitzei esker, estrategiak diseinatu ahal izango ditugu, unibertsitate ikasleek konfinamenduaren ondoren jarduera fisikoko ohituretara bueltatu ahal izan daitezen. Gainera, neurriak hartu ahal izango ditugu, etorkizunean antzeko egoerak bizi behar baditugu».

Hiru fasetan garatuko da proiektua: bat konfinamenduan zehar (konfinamenduaren aurreko eta konfinamenduko jarduera fisikoa alderatuko da) eta besteak konfinamendua amaitu eta hilabetera eta sei hilera. Aurreikusten denez, azterlanaren lehen faseko emaitzak uda baino lehen egongo dira prest. «Lehen emaitza hauekin estrategiak proposa ditzakegu, efektu kaltegarri posibleak leheneratzeko eta konfinamenduak eragin dituen ohitura onuragarri posibleei eusteko», azpimarratu du Jon Irazustak.

Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sareak (EXERNET) «jarduera fisikoko eta osasuneko Espainiako ikertaldeak biltzen ditu, eta biztanleria talde berezien ikerketa koordinatzea, harmonizatzea eta dibulgatzea du helburu». Goi mailako hezkuntzako hamasei erakundek osatzen dute sarea. Hauek, hain zuzen: Euskal Herriko Unibertsitatea, Cadizeko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Las Palmas Kanaria Handikoko Unibertsitatea, Leongo Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Castellóneko Unibertsitatea, Miguel Hernández Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa.