Oscar de Marcosen elkarrizketa birtuala

0

Oscar de Marcosek eman du asteko lehen elkarrizketa birtuala. Jokalari arabarrak, zaleek eta komunikabideek egindako galderei erantzun die klubeko sare sozial ofizialetan.

Oso harro nago Athleticeko zalea jaio izanaz eta filosofia bakar hau munduko beste guztien aurrean defendatu ahal izateaz. Pribilegiatua sentitzen naiz, edonora goazela, lagun talde batekin Athletic defendatzeagatik“. Horrela azaldu da De Marcos kide izatearen sentimenduari buruz galdetu diotenean.

Katedrala lehen aldiz zapaltzea “egi bihurtutako ametsa” izan zen. “Denok dugu helburu bat, eta San Mamesen lehen aldiz jokatu nuenean, zelaira salto egin aurretik titularra izango nintzela jakin nuenean, zerua ukitu nuela sentitu nuen. Egia da hori lortzen duzunean, beste helburu baterako prestatzen hasten zarela mentalki, eta orain beste bat geratzen zaigu aurretik“.

Joan den larunbatean jokatu behar zen Sevillan Realaren aurkako Kopako finala. De Marcosek honela bizi izan zuen egun hura: “Athleticen erropakin jantzi ginen denok etxean, bideo-deia egin genuen nire eta nire emaztearen familiarekin, eta bazkari berezi batekin ospatu genuen“. “Kopa irabaztea eta Gabarra atera ahal izatea amets bat izango litzateke. Hori gertatzeko egoera hau bukatzea espero dugu, Kopa irabaztea eta zaleekin gozatzea“.

Superkopa gauza paregabea izan zen“, erantzun du kamiseta zurigorriarekin momenturik zoriontsuenaren ganean itaunduta. “Baina egia da partida bikoitza jokatu genuenez, San Mameseko 4-0ekoa sekulakoa izan zela, baina titulua hain gertu genuenean, helburua ez lortzeko beldur ginen. Beraz, Manchesterreko partidarekin geratuko naiz; partida bakarra izan zen eta asko gozatu nuen“.

2011/12 denboraldiko UEFA Europa League txapelketako kanporaketan, Manchester Uniteden aurka lortutako bi golak “futbolean dudan oroitzapen politenetakotzat” jo ditu. “Jokalariek eta zaleek ahaztuko ez dugun gaua“, Old Trafford-en. Marcelo Bielsari buruz, “bizitzako baloreak eta keinu txikiak estimatzea erakutsi dit: asko ikasi nuen berarekin, aldare batean daukat” adierazi du.

Bere kirol ibilbideko golik politena “Tromsori sartutakoa, nire lehen denboraldian sartutakoa” izan da, baina “Manchesterrekoa da gehien baloratzen dudana“. Etxeberria eta Ronaldinho izan ziren bere idoloak, eta Gurpegui “erreferentea“. Fito & Fitipaldis da bere musika talderik gustukoena eta oraingoz ez du beste libururik idazteko asmorik, ‘Togo’-rekin estreinatu ostean.