Ramiro González Arabako ekonomia, kultura eta gizarte eragileekin bilduko da elkarrekin COVID19ren krisiari heltzeko

0

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak jakinarazi du aste honetan hainbat bilera egingo dituela Araban enpleguarekin lotura duten ekonomia eragileekin eta kultura eta gizarte eragileekin. Oraingo osasun krisiaren ondorioz sortutako egoerari elkarrekin heltzea izango da bileren helburua. “Arabako Foru Aldundia egiten ari den lanaren ildo orokorrak helaraziko dizkiet, eta haien proposamenak entzungo ditut”, azaldu du Gonzalezek, eta garbi adierazi du orain Arabak inoiz baino gehiago auzolana egin behar duela, Arabak inoiz baino gehiago denok elkarrekin lan egitea behar duela. Bilera horietan “lankidetza izpiritua” defendatuko du “guztion babeserako gida moduan”.

Iragarpen hori gaur goizean komunikabideen aurrean egin du, krisia kudeatzean bere gobernuak izan duen gardentasuna aldarrikatu duen agerraldi batean. Izan ere, harekin Emilio Sola Gizarte Politikaren Saileko foru diputatua agertu da, eta gure lurraldeko adintsuen egoitzetan hartutako neurrietan izandako berritasunak jakinarazi ditu, baita COVID-19k haietan duen eraginari buruzko datu eguneratuak ere.

Ramiro Gonzalezek azpimarratu du bere asmoa inor ere atzean ez uztea dela, eta iragarri du lan egingo duela suspertzea guztiengana hel dadin, desberdintasunik gabe. “Guztiok egin beharko dugu ahalegin bat. Desberdintasunak sakonago ez bihurtzea lortu behar dugu. Krisi honetatik laster ala berandu ateratzeak kezkatzen nau, baina hartatik aterako garen moduaz ere kezkatuta nago. Desafioa ez da suspertzea bakarrik, desberdintasuna ekiditea da. Eta lan egingo dugu hori lortzeko”.

Arabako agintariak foru aurrekontua ere aipatu du. Aurreratu duenez, “aldaketa sakonak” egingo dira hartan, bi helburu hauekin: krisi honetatik kaltetuenak aterako diren sektoreak artatu eta babestea, eta gure ekonomia berreskuratzea, erabil ditzakegun tresnekin. “Arabako aurrekontua helburu horien zerbitzura ipiniko dugu. Aldaketa sakonak izango dira, aurrekontua lurraldea suspertzeko planera moldatzeko”, adierazi du ildo horretan.