Euskal erakundeak elkarlanean ari dira adosteko uda honetan zenbait ekitaldi soziokultural egin ahal izateko baldintzak

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria deseskaladaren erakundeen arteko koordinazioari ekiteko Diputatu nagusiekin, hiriburuetako Alkateekin, Eudel-eko presidentea barne, egindako bileraren buru izan da.

Batzarraren ondoren Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, lan-dokumentu bat aurkeztu da uda honetarako programatuta zeuden kultur ekitaldiei, jaiei eta bestelako ekimen soziokulturalei buruz. Asmoa izan da lehen ikuspegi bat partekatzea.

«Gure helburua da maiatzaren 10erako adostasun eta ziurtasun perspektiba bat eskaintzea horrelako ekitaldiak egin ahal izateko eman behar diren baldintza zehatzen inguruan, jakinda asko ezin izango direla egin», adierazi du Lehendakariak.

Gaineratu duenez, «lehentasuna beti izango da osasun eta segurtasun publikoa bermatzea. Irizpide argiak adostuko ditugu, eta zehaztuko ditugu kultur-ekitaldiak eta jaiak antolatzeko baldintzak eta mugak».

Lehendakariak azaldu duenez, dokumentu hori erakunde publikoen artean adostu ondoren, kultur eragileekin kontrastatuko da.  Uda honetan kultur eta jai ekitaldiak egiteko ze aukera egon daitekeen argitzea da helburua.