Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko enpresek eta teknologia-zentroek larrialdiaren ondorengo eszenatokia prestatu eta Covid-19a diagnostikatzeko alternatibak bilatu nahi dituzte

0

Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko teknologia-zentro eta enpresa batzuk gogor ari dira lanean Covid-19aren diagnostiko proben alternatibak garatzeko eta egungo osasun larrialditik irteten garenerako eszenatokiak planteatzeko, adimen artifiziala eta big data erabiliz.

Aktibatu diren proiektu askok helburutzat dute kopuru ugaritan dauzkagun materialak darabiltzaten alternatiba azkarragoak bilatzea, alternatiba horien bidez birusaren material genetikoa detektatzen duten PCR probak (Polimerasaren Kate-Erreakzioaren ingelesezko siglak) ordezkatzeko edo osatzeko. Horretan ari dira UPV/EHUko ikerketa-taldeek, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak, Biofisika Fundazioak, Ikerbasque-k eta BioCruces Bizkaia eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuek Leioako Zientzia Parkean instalatu duten diagnostiko-unitatean. Unitate horrek RT-PCR probak erabiltzen ditu (Covid-19aren material genetikoaren detekzio kuantitatibo eta espezifikoa egiten dute, azkar eta merke, kit komertzialik erabili gabe) test kopurua handitzeko.

Helburu berarekin, Gaiker teknologia-zentroa (Basque Research and Technology Alliance – BRTA aliantzako kidea) kit ultra-sentikor eta azkar bat garatzen ari da PCR proben alternatiba gisa, eta bi teknologia erabilerraz ere prestatu ditu, antigeno immunogeniko biralarekiko gainesposizioagatik sortutako antigorputzak detektatzeko. Era berean, elkarlanean ari da UPV/EHUrekin, CIC bioGUNErekin eta Neiker zentroarekin osasun ekipamenduak fabrikatzeko balioko duten ehun berriak garatzeko. Bestalde, Gaiker zentroak aholku ematen die enpresei eta administrazio publikoei, diagnostiko kit-ak ebaluatuz, eta orobat aholkatzen ditu entsegu antimikrobiologikoen arloan nahiz maskaren bio-bateragarritasunaren edo diagnostiko-laginen arloan. Azkenik, hiru aste daramatzate etengabeko harremanean arituz Eusko Jaurlaritzarekin eta bere lantaldeko profesionalak prestatuz PCR analisiak egiteko nahiz laginen garraio biralerako bitartekoak prestatzeko.

Bestalde, Abyntek Biopharma enpresak eskuragarri jarri ditu Covid-19ari aurre egiteko antigorputz espezifikoak, birusaren antigenoak, antigenoak eta antigorputzak detektatzeko kit-ak eta PCR kit-ak.