Turismo Sailak sektoreko ordezkariekin aztertu ditu COVID19aren eragin ekonomikoari buruzko txostena eta hurrengo etapetako neurriak

0

Eragin ekonomikoari buruzko txostenaren arabera, 131 milioi euroko galerak izan dira eta 3.745 lanpostutan izan du eragina, ostalaritza kontuan hartu gabe.

Sailak sektoreari zuzendutako laguntzak aurreratu ditu, eta laguntza horiek Eusko Jaurlaritzaren 30 milioiko funtsaren zati handi bat hartuko dute.

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak eta Goyo Zurro Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bilera egin dute, bideokonferentzia bidez, turismo-sektoreko ordezkariekin, COVID19ak sortutako egoera aztertzeko. Bileran parte hartu dute, besteak beste, ostatu- eta ostalaritza-elkarteetako ordezkariek, bidaia-agentziek, ekitaldiak antolatzen dituzten enpresek, gida turistikoek eta turismo aktiboko enpresek.

Sailburuak konfinamendu fasearen ondoren planteatuko den egoera aztertu du, eta sektore turistikoaren eta ostalaritzaren irteera-abiadura desberdinak azaldu ditu. “Badakigu sektore turistikoak denbora gehiago beharko duela krisialditik irteteko, eta lanean ari gara helmuga seguruak lortzeko, garraio eta bidaiari seguruekin, konfiantza-giroa berreskuratze aldera”.

Osasun-neurrien prebalentziak ekarriko du edukierarekin, higiene-neurriekin, gizarte-urruntzearekin eta garraioarekin zerikusia duten protokolo espezifikoak hartzea. Neurri horiek pandemiaren bilakaeraren araberakoak izango dira, eta Ministerioarekin koordinatuta prestatzen dira, konfinamenduaren osteko beste alderdi batzuekin batera.

Sektore turistikorako laguntza ekonomikoak

Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak elkarlanean dihardu COVID19aren ondorioak arintzera zuzenduko diren laguntza espezifikoak prestatzeko zereginean. Eusko Jaurlaritzak iragarritako 30 milioiko funtsa hein handi batean zuzenduko da merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreetara, eta hori guztia Sailak koordinatzen du. Mikroenpresak ere barnean hartuko dira, betiere erresistentziako lehen fase batean enpresa turistikoei laguntzeko eta babesteko.

“Lehenbailehen erantzun behar zaie turismoaren sektoreko premiei, sektore hori baita eragina lehenengo jasan zuen eta krisialditik geroago aterako den sektorea. Hori dela eta, funts horren zati handi bat turismo-enpresei eta autonomoei zuzenduko zaie, eta agindu horien ulermenean Sail honen aholkularitza izango dute” azaldu du sailburuak.

Ondorengo fasean, Sailak sektoreari ematen dizkion laguntzen (EMET, turismo-sustapena eta -merkaturatzea) aginduak indartu eta espezializatuko dira, eta  kontsumoa suspertzen lagunduko duten ostalaritzarako eta turismorako bonuen sorrera kudeatzen ari da jada.

Datuak biltzeko online plataforma 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aurkeztu du COVID19ak turismo-sektorean duen eragin ekonomikoa neurtzen duen online tresnaren bidez jasotako txostena. Online plataforma bat da, sektore bakoitzerako galdetegi pertsonalizatua duena, eta horren bidez eragin ekonomikoa neurtzen lagunduko duten kategoriak ezarriko dira, hala nola ezeztapenen kopurua (room night-ak, ekitaldiak, biltzarrak…), ekitaldien data-aldaketa, enpleguaren gaineko eragina, hirugarren enpresen gaineko eragina, eta enpleguari buruzko datu zehatzak. Datuak 2 alditan bildu dira, datuak gehiago zehazteko, eta apirilaren 21era bitarteko informazioa dago.

Emaitzek sektoreak emandako erantzunak islatzen dituzte, eta ostatuen kasuan, erantzun ez dutenen estimazioa ere egin da (plazen % 40 inguru), betiere batez besteko plazaren kalkuluan oinarrituta. Fakturazioaren aldakuntza -% 64koa dela zenbatetsi da, 131 milioi inguruko galerekin, eta 3.745 enplegutan du eragina. Eraginpean dauden enpleguetatik (aplikatutako lan-neurrien arabera) 175 dira autonomoak, 2.218 dira % 50etik gorako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, 93 dira bertan behera geratutako kontratuak, 175 dira berritu gabeko aldi baterako kontratuak, eta gainerakoak zehaztu gabeko edo askotariko egoerak dira.

Turismo-ostatuak

Turismo-ostatuetan (hotel-establezimenduetan, pentsio eta ostatuetan, landa-turismo eta landetxeetan eta kanpinetan) orain arte metatutako galera honela zehatz daiteke: 44 milioi euroko galerak kuantifikatu dira eta 92 milioiko galera zenbatetsi da, 2.249 lanpostu kalteturekin. Horietatik, gehienak hotel-establezimenduetakoak dira (39 milioi eta 1.990 enplegu), eta landa-turismo eta landetxeetakoak, berriz, 933.434 euro eta 221 enplegu dira. Kanpinetan zenbatetsi da 111 enplegu daudela eraginpean eta 542.500 euroko galerak eragin direla. Turismo erabilerako etxebizitzetan galerak 3,4 milioikoak dira, eta 127 lanpostu daude eraginpean; fakturazioan % 70eko jaitsiera izango da.

Enpleguen tipologiari dagokionez, hotel-establezimenduetan, langileen % 76 langile finkoak dira; landetxeetan eta landa-turismoetan, % 80 autonomoak dira, gehienak kargura langilerik ez dutenak; kanpinetan,% 45 aldi baterako langileak dira eta % 21 langile finkoak; eta etxebizitzetan, % 75 langile finkoak dira.

Bidaia-agentziak

Agentzietan 15,7 milioi euro baino gehiagoko galera zenbatetsi da, eta 820 enplegu daude eraginpean. Aditzera eman behar da ia agentzia guztiek ez dietela ezerezte-gasturik kobratu bezeroei. Langileen % 46 finkoak dira eta % 14 aldi baterakoak.

Biltzarretarako egoitzak eta ekitaldien antolatzaileak

Ekitaldi bat egiteak eragin ekonomiko handia du ekitaldia hartzen duen udalerrian, bai bertaratutakoen kopuruagatik, bai inplikatutako enpresa eta establezimenduengatik. Biltzarretako egoitzetan 20 milioi eurotik gorako galerak metatu dira, eta 311 lanpostu daude eraginpean. Ezeztatutako edo aldatutako ekitaldien erdia baino zertxobait gehiago ekitaldi profesionalak dira, gehienak egun bateko iraupenekoak, eta % 40 bizpahiru eguneko iraupenekoak. Egoitza horietako langileen % 63 langile finkoak dira.

Ekitaldiak antolatzen dituzten enpresei (OPC) dagokienez, 993.622 euroko galerak izan dituzte, eta 115 lanpostu kaltetu daude. Kasu horretan, ezeztatu eta aldatu diren daten ehunekoa antzekoa da, hots, % 50, eta atzeratutako ekitaldien % 40 baino gehiago 2021erako atzeratu dira. Langile finkoak % 71 dira.

Turismo-gidak

Giden sektoreko galerak 327.466 eurokoak direla zenbatetsi da, eta 45 lanpostu daude eraginpean. Ezeztatzeak data-aldaketak (% 99) baino gehiago dira, eta 1.205 erreserba aldatu edo ezeztatu dira —76.568 bezero daude eraginpean—. Giden kasuan % 100 autonomoak dira.

Turismo aktiboko zerbitzuak

Turismo aktiboko zerbitzuek 1,7 milioi euroko galerak izan dituzte eta 229 enplegu daude eraginpean. Behin betiko ezeztatzeak % 78 ingurukoak dira. 3.392 ezeztatze edo aldaketa izan dira, eta 45.255 bezerorengan izan dute eragina. Turismo aktiboko langileen % 34 finkoak dira, % 29 aldi baterako langileak dira eta beste % 29 autonomoak dira.

Egin dituzten oharretan, enpresek nabarmendu dute garrantzi handikoa dela turismoa sustatzen jarraitzea, baita helmuga seguru gisa azalduko duten merkaturatze-kanpainak egiten jarraitzea ere, helmugaren irudi positiboa sustatuz eta, hartara, merkatuan behar besteko konfiantza sortuz. Arlo horretan, Turismo Sailak, laster, ideia horretan oinarritutako kanpaina bat jarriko du abian, eta hurrengo kanpainak, konfinamendu osteko etapa batean, barne-merkatura eta merkatu nazionalera bideratuko ditu.