Lehendakariak aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat adostea proposatu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du, Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez Presidenteak deitutako Presidente autonomikoen zazpigarren bileran, Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko.

Lehendakariak bere hitzaldiari hasiera eman dio Gernikako bonbardaketa aipatuz, gaurko egunean 83 urte bete dituelako. Horrela, Lehendakariak omenaldia egin die bonbardaketaren biktimei, eta azpimarratu du Gernikan gertatutakoa gainditzeko gaitasunaren adibide bat dela gaur egun.

Esku-hartzean zehar, Lehendakariak azpimarratu du zer hiru jarduera-eremu lehenetsi une honetan Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko:

1. Osasun-lehentasuna Euskadin Lehen mailako Arreta indartzeko faseari eta Covid paziente posibleen baheketari lotuta, 4.000 test baino gehiago eginez.

2. Lehentasun sozio-ekonomikoa. Esparru horretan, Lehendakariak mahai gainean jarri du «Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren esparruan aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat hitzartzeko beharra, berehalako osasun-premia sozialei erantzuteko, bai eta ekonomia eta enplegua suspertzeko».

3. Normaltasun Berrirako trantsizioa. Ildo horretan, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak egindako normaltasun berrirako trantsizio-planak jasotzen dituen proposamenetako bi azpimarratu ditu. Alde batetik, merkataritza jarduera pixkanaka irekitzeko proposamena azpimarratu du, elikagaien saltokien muga berdinekin. Eta, bestalde, udari begira eragin sozial handiena duten gaietarako irizpideak partekatzea proposatu du, hala nola, kultura-jarduera, herri-ekitaldiak, jarduera fisikoa eta kirola, eta hondartzen eta igerilekuen kudeaketa.

Azkenik, Iñigo Urkullu Lehendakariak Kogobernantza, Koordinazio eta Erantzukidetasun eredu bat aplikatu behar dela adierazi du. Eredu horrek «oinarri komun partekatuak eta hurbileko exekuzioa ezarrita, errealitatera egokituta subsidiariotasun-printzipiotik, autogobernua errespetatuz».