Eusko Jaurlaritzak COVID-19 birusari buruzko informazioa indartu du sare sozialetan

0

Biltzen – Integraziorako eta Kulturen Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak ADICovid19 ekimena sustatu du, Eusko Jaurlaritzak osasun-krisi honetan hartutako neurriei buruzko informaziorik garrantzizkoena etorkinei helarazteko, infografia errazen bidez.

Informazio-kanal hori Facebook bidez garatu da, eta dagoeneko bi mila pertsonarengana baino gehiagorengana iritsi da, etorkinen elkarteen, EAEko hainbat udalerritako immigrazio-teknikarien eta beste sare adierazgarri batzuen (Harresiak Apurtuz) lankidetzari esker. Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan zentralizatuta duen komunikazio-kanalaren bidez ere iritsi daiteke informazio horretara, eta baita www.biltzen.org webgunearen bitartez.

Ekimenaren helburua izan da EAEn bizi diren atzerritarrei informazio garrantzitsua arin eta haien hizkuntzan hurbiltzea; izan ere, konfinamenduaren ondorioz eta hizkuntza-bitartekaritzak mugatzearen ondorioz, erreferentziako eta topaketako espazio fisikoak itxi ondoren, migratzaile askori ez zaizkie mezu instituzional batzuk iristen —edo zailtasunez iristen zaizkie—.

Horrenbestez, kanal horren bidez, sei hizkuntzatan (arabiera, frantsesa, ingelesa, errumaniera, errusiera eta portugesa) argitzen dira zalantzak —adibidez, koronabirusaren sintomak izanez gero zer egin behar den inguruko zalantzak—; sei hizkuntza horietan ematen dira autobabeserako aholkuak eta, funtsezkoa ez den jarduerari berriro heltzean, osasuna babesteko moduaren inguruko aholkuak; sei hizkuntza horietan ematen da Lanbideri buruzko informazioa eta jantokirako beken berri; eta kanal horren bidez sar daiteke Guztion Artean – Elkartasun Sare Antolatura —funtsezkoak diren premiak Gurutze Gorriko eta Caritaseko, besteak beste, boluntarioen bidez estaltzeko—.

“Tresna horren bidez, ahal den heinean, minimizatu nahi dugu alarma-egoerak atzerriko biztanleen artean duen eragina, pertsona asko desinformazio-egoeran egon baitaiteke EAEko bi hizkuntza ofizialetako bat gutxi menderatzeagatik. Azken finean, gertatzen ari dena hobeto ulertzen lagundu nahi izan diegu», esan du Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak.