Eusko Jaurlaritzak ontziratzen diren arrantzale guztiei PCR testak egingo dizkie

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin elkarlanean, PCR TESTa egiteko prozedura hasi du arrantzako profesionalen artean, funtsezko jarduera ekonomikoa delako eta lan hori gauzatzeko langileek dituzten baldintzengatik, lana espazio mugatuan egin behar dutelako zein arrantza egiteko behar dituzten maniobrengatik.

Baxurako ontziak antxoaren arrantzaldian murgilduak daude, eta lehen fase batean, Gipuzkoako ingurasareko flota osoaren osasun-egoera aztertu da. Egindako PCR test guztiek negatibo eman dute.

Azterketak Hondarribiko, Getariako eta Pasaiako kofradietako 545 arrantzaleei eta lonjetan lanean ari diren beste 29 profesionalei egin dizkiete.

Datorren asteburuari begira, maiatzaren 1ean eta 2an —ostirala eta larunbata— test horiek Bizkaiko kofradietako lonjetako profesionalei eta arrantzaleei egitea aurreikusi da. Guztira 110 test, 7 ontzitako profesionalei egiteko.

Testa alturako arrantzaleei

Baxurako arrantzaleen kasuan egiten den bezala, PCR testak aplikatzeko protokoloa alturako profesionalengana zabalduko da. Bihar, apirilaren 28a, Pasaiako EGUNABAR bakailao-ontziko 26 tripulatzaileei egingo diete testa, aste honetan Pasaiako portutik Norvegiara eta Ternuara irtengo baitira lau hilabeteko marea egitera.

Halaber, ostiralean eta larunbatean, Frantziako iparraldeko kostaldean arrantzan ari diren arraste-ontziak sartuko dira Ondarroako portuan. Oinarri-portua Ondarroan duten 12 ontzitako 120 tripulatzaile dira. Arrantzale horiei PCR azterketa hurrengo marea hasi aurretik egingo diete.

Hegaluzea arrantzatzeko ontzidiak iraupen luzeko mareatan

Maiatzean, bigarren hamabostalditik aurrera, Hegaluzearen arrantzan diharduen 250 arrantzale inguruk osatutako kazako ontzidia mailaka itsasoratuko da.  Oso marea luzeak direnez eta batzuen eta besteen artean etenaldi txikiak daudenez, ontziratze bakoitzaren aurretik, tripulazioari PCR testak egitea aurreikusi da.

Modu berean jardungo da ekainaren amaiera aldera Hegaluzearen arrantzaldia egingo duten 600 arrantzaleekin.

Atunontzi izoztaileak

Azkenik, atunontzi izoztaileen flotak tripulazioen txandakatzea noiz egingo den esan behar digu, Osasun Sailarekin dagozkion PCRak noiz egin koordinatzeko.