Lehendakariak Agintzari bisitatu du haur kalteberenei laguntzeko Aukerak Suspertzen proiektua bultzatzeko

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur goizean, Agintzariren egoitza bisitatu du, Deustun, eta, bertan, Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades hezkuntza-indargarriaren proiekturako babesa erakutsi du. Proiektua haur kalteberenei zuzentzen zaie, eta ‘Inor atzean utzi Gabe’ bazterketa- eta pobrezia-egoerei arreta emateko Funtsean sartzen da.

Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades ekimenak eskolaz kanpoko laguntza edo hezkuntza-indargarria eskaintzen die, eremu komunitarioan (ikasgelatik kanpo, aurrez aurrekoa edo birtuala), ordurako desabantaila soziala bizi zuten ume eta nerabeei eta, alarma-egoeraren eta ikastetxeetan aurrez aurreko irakaskuntza aldi baterako eten izanaren ondorioz, aurretik bizi zuten egoera eta eten digitala aintzat hartuta, hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituztenei, egoera horrek beren egungo eta etorkizuneko eskola-errendimenduan eragina izan dezakeela kontuan hartuta.

Ikastetxe eta ikastoletan aurrez aurreko klaseak eten izanak adingabe askorentzat eta familia askorentzat bereziki egoera konplexua ekarri du. Errealitate horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, hirugarren sektoreko dozena bat erakunderekin eta Agintzarirekin koordinatuta, Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades programa jarriko du martxan.

Programa hori, bizi duten egoera berezia dela-eta, batik bat osasun-krisialdiaren ondoriozko jarduketen eragina eta ikasgelatik kanpoko jardueran eragina jasan ditzaketen umeei zuzentzen zaie.

Beraz, programak eskola-laguntzako jarduera tradizionalak jaso ditu, baina baita ikasgelatik kanpoko hezkuntza-indargarriko beste batzuk ere; haiek adingabeei eta beren aita-amei zuzentzen zaizkie.

Lehendakariarekin batera, bisitan, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Mikel Gorostizaga Agintzariko zuzendari nagusia eta Bogan-eko koordinatzailea, Janire Barcena Agintzariko presidenteordea eta Josu Gago Zabalduz kooperatibako zuzendaria izan dira. Gainera, bideokonferentzia bat izan du dozena bat profesionalekin; profesional horiek Bogan taldeak garatzen dituen programetan lan egiten dute. Bogan taldearen barruan dago Agintzari, bai eta Zabalduz eta Hirube kooperatibak ere.

Hala, Iñigo Urkulluk aurrez aurre ezagutu du zein den bertako eguneroko lana eta zer lortu nahi den Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades ekimen berriaren bidez.

“Funts honen programen eraikuntza kolektiboak eta sarekoak lan- eta lankidetza-eredu publiko-pribatua eratzen dute.  Egokitzapen-gaitasuna erakusten ari zarete hasiera batean arriskua baino ez dagoela ematen duten egoeretarako irtenbide eta aukerak proposatzeko. Ikasgeletatik kanpo eten digitala murrizten jarraitzeko lankidetzan jardungo duzue. Helburu hori lortzeko, parteka dezakegun lan guztiak merezi du”, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Era berean, lehendakariak eskerrak eman dizkie, egungo osasun-krisialdian jarrera proaktiboa izatearren. Iñigo Urkulluk honako hau esan die: “Zuon esperientziaren eta egiten jakitearen bidez, sortu diren behar berriei erantzuten diezue. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak gorputz eta arima, talde-lanean eta ilusioz jarduteko duen espirituaren ordezkari zarete. Zuotako profesional eta boluntario guztiok funtsezko ekarpena zarete gure herrialdearentzat”.

Bestalde, Mikel Gorostizaga Agintzariko zuzendari nagusiak honako hau esan du: “lehen fasean, programa honek laguntza-beharrizanak dituen adingabe- eta familia-kopurua detektatuko du, etorkizuneko eskola-porrot txikiagoa sustatzeko jarduketa-eremua are gehiago zehazteko”.

Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades programan parte hartuko duten dozena bat enpresa, dagoeneko, ia 1.500 adingaberekin ari dira lanean. Programa honen sustatzaileen iritziz, eten digital hori arintzeko programaren bidez, koronabirusaren ondoriozko egoera larriagatik egoera ahulean dauden 3.000 ume ingururi eman dakieke laguntza.

Eusko Jaurlaritza programa horri azken ukituak ematen ari zaio, eta hurrengo Gobernu Kontseilu batean onestea aurreikusten da; programaren aurrekontua oraindik ez da itxi, baina 1 milioi euro ingurukoa izango litzateke.