Bizkaiak jarraibideak eta laguntza eskaintzen ditu adinekoen egoitzetan bisitak antolatzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak jarraibide berriak igorri ditu adinekoen egoitza-zentroetara, osasun-alertaren egoerak inposatzen dituen murrizketen barruan, erabiltzaileen eta haien ahaideen ongizate sozioafektiboa sustatzeko. Hala, COVID-19aren hedapena eragozteko ezarri beharrekoak diren mugen barruan, erakunde foralak adierazi du osasun-berme guztiekin eta kontrol-neurri zehatzak hartuta programatu daitezkeela bisitak.

Diagnostiko-probei esker, zentroek determinatu ahal dute zenbatekoa den pertsona bakoitzarekiko kontaktuak sor dezakeen kutsatze-arriskua. Hori lortuz doan neurrian, prebentzio-neurriak egokitu beharra dago, eta, horretarako, Aldundiak zentroak kohorteka sektorizatu eta antolatzeko laguntza eskaini du, bertako bizikidetza humanoagoa izan dadin. Hauek izango dira irizpideak:

  1. Sintomarik ez duten eta kontaktu hurbilekotzat sailkatu ez diren pertsona osasuntsuak (A kohortea):
  • Astean behin izango da bisita, eta pertsona bakarra joango da; aldez aurretik programatuko da eta, ahal den neurrian, gainerako pertsonak bizi diren eremutik kanpo egingo da, babes-neurri egokiak erabilita. Ahal dela, kanpotik datorrena pertsona bera izango da beti.
  • Bisitak zorrotz kontrolatuko dira eta arrisku-taldeetakoak ez diren pertsonek egingo dituzte. Bermatuko da norbera babesteko ekipamenduak erabiltzen direla (bisitarientzako NBEak), eta horretarako laguntza emango.
  • Bisita egiteko prestatutako lekuan, bisitariak ez du kontaktu fisikorik izango egoiliarrekin. Horretarako, metakrilatozko pantaila bat (edo antzeko zerbait) jarriko da, banantzeko.
  1. COVID19an positibo diren pertsonak; sintomak izanda, probaren zain dauden pertsonak eta kontaktu hurbilekotzat sailkatu direnak (D, C eta B kohorteak).

Ez da bisitarik egingo ez bada gorago definitutako hiru salbuespen-egoeretan, zeinak diziplina anitzeko taldeak arrazoitu beharko baititu.

  1. Sendatu diren eta dagoeneko PCR negatiboa duten pertsonak dauzkaten unitateak.

Bisita astean behin izango da, eta pertsona bakarra joango da; aldez aurretik programatuko da eta gainerako pertsonak bizi diren eremutik kanpo egingo da, babes-neurri egokiak erabilita (NBEak barne). Ahal dela, kanpotik datorrena pertsona bera izango da beti. Kontaktu fisikoa izateko aukera emango da, baldin ezarritako babes-ekipamenduak erabiltzen badira.

Azkenik, Aldundiak gogorarazi nahi izan du egoitza-zentroetan bisitak egin daitezkeela kasu hauetan:

  • Bizitzaren amaierako zaintza-egoeran, zeinean senideei aukera eman behar baitzaie egoiliarrarekin kontaktuan egoteko.
  • Egoera ulertzea eta/edo senitartekoekin harremanetan jartzeko beste bitarteko batzuk erabiltzea eragozten duten egoera kognitiboetan.
  • Egoera psiko-emozional jakin batzuetan, zeinetan profesionalek pentsatzen baitute saihestu behar dela bakartze-egoerak egoiliarraren ongizateari egin diezaiokeen kaltea.

Nolanahi ere, bisiten etete orokorra indarrean mantentzen da COVID-19a edo haren sintomak dituzten egoiliarrentzat. Neurri hori zorrotz aplikatu izan da koronabirusaren hedapena geldiarazteko, diziplina anitzeko lantaldeek hala eskatuta eta segurtasun-berme guztiekin.