Bizkaiko enpresek ziurgabetasun handiz begiratzen diote etorkizun hurbilari

0

Bizkaiko enpresek zuhurtziaz begiratzen diote COVID-19aren ondoren jarduera berreskuratzeari. Gutxi dira eskaerak galdu ez dituztenak, heren batek hornidura-arazoak ditu, eta asko Bizkaiko Foru Ogasunaren finantzazio-lerroak, aparteko neurriak eta  tributuak malgutzeko neurriak eskatzen ari dira. Informazio-lagin txiki hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak abiarazitako behatokiaren bidez jaso da. Alarma-egoeraren hasieran jarri zen martxan behatokia, COVID-19ak lurraldeko ekonomia-jardueran sortu duen osasun-larrialdiaren benetako neurria zein den jakiteko.

Behatokia Beaz foru-sozietatearen bidez sortu da, galdetegi bati erantzunez, enpresen egoera monitorizatzeko helburuarekin. Beste arlo batzuetan aplikatzeko moduko ondorioetara heltzeko, bigarren fase batean, 250 enpresek osatutako lagin adierazgarri batek bidalitako informazioa oinarri hartuta lan egin da. Lagin hori osatzen duten enpresak industria edo zerbitzuetakoak dira, tamaina, jarduera eta ibilbide desberdinetakoak. Lagin hori oinarritzat hartu da, eta Bizkaiko ekonomiaren eta enpresen errealitatera eraman da.

Informazioa hiru bloketan elkartu da: batetik, osasun-krisiaren eragin eta ondorio zuzenak zein diren jakin nahi izan da; bigarren, enpresek eskatu dituzten laguntza-neurriak eta hartzen ari diren barne-neurriak zein diren; eta, azkenik, enpresek barne-jarduera berreskuratzeko egutegia zein den.

COVID-19aren eragina eta lehenengo ondorioak

Covid-19ak ez die neurri berean eragin enpresa guztiei, baina askok egoera berberak bizi dituzte. Zorroan eskaera gutxiago dituzte gehienek (% 86), eta galdetegiari erantzun dioten enpresa askok alarma-egoeraren aurretik itxi zituzten kontratuei esker dirau epe laburrean. Zenbaitek jarduera geldiarazi behar izan du, hornidura-katea eten baitzaie (%37,7), eta diruzaintzako tentsioak jada % 47ri eragin dio.

Plantillei dagokienez, zerbitzu-enpresa gehienek telelaneko neurriak hartu dituzte. Industriaren arloko enpresek berriz, aurrez aurreko lana eta telelaneko prozesuak uztartzea hautatu dute. Inkestatuen % 27,71k aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat izapidetu behar izan du; gehienek, ABEEE partziala.