Deustuko Unibertsitateak 750. 000 euroko funts berezia sortu du COVID-19ak jotakoei laguntzeko

0
PRUEBA

Deustuko Unibertsitateak, jakinik nolako ondorio larriak ekarri dizkion COVID-19ak gizarteari oro har eta gure unibertsitateko elkarteari bereziki, laguntzetarako aparteko funts bat sortu du 750.000 euroz hornituta. Funtsa 2020-2021 ikasturtean erabiliko da COVID-19aren eraginik handiena izan duten ikasle eta familiei laguntzeko. Unibertsitatea laguntza-funts horren araudia prestatzen ari da, laguntzaren modalitateak eta zenbatekoak zehazteko.

Deustuk zinezko konpromisoa du egoera honek gehien ukitu dituen familia eta ikasleekin, eta argi adierazi nahi du asmo sendoa duela unibertsitateko elkarteko kideei ekarri dizkien gorabehera kaltegarri guztiak aintzat hartzeko.

Hortaz, ekimen hau gehituko zaio ikasturte honetan dagoeneko hartu diren neurri bereziei, alegia, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei hileko kuoten ordainketa errazteko bideratu diren ohorezko maileguei eta ordainketen malgutzeari.

Oraingoz funts berezi hori Unibertsitatearen fondoetako 750.000 euroz hornitu bada ere, Unibertsitateak bere esku dagoen guztia egingo du funts hori beste eragile batzuen -erakunde, enpresa, fundazio, ikasle ohi eta abarren- ekarpenekin osatzeko 1. 250. 000 eurora iristeko.

Funts berezi hori sortu aurretik, Deustu gizarte ekimeneko unibertsitatea izaki, 2. 500. 000 eurotik gorako ekarpena egin izan du -eta aurrerantzean ere egingo du- urtero bere fondoetatik ikasleei bekak emateko, egoera ekonomikoa oztopo izan ez dadin Deustun ikasi nahi dutenek bertan ikasi ahal izateko.