Elur proiektuak arrakasta izan du Crowdfunding Bizkaiarekin egindako finantzaketa-txandan

0

2018tik hona, Jon Barredo Muro, June Sáenz de Urturi, Asier Palacios Lobo eta Álex Txikon alpinista lanean ari dira, mendi-erreskate bat egiterakoan sortzen diren beharrizanei erantzuteko moduko konponbide teknologiko bat aurkitzeko helburuarekin.

Ikerketa sakona egin ondoren, biziak salbatzeko gai den gailu bat garatu dute. Gailu horrek, batetik, distantzia laburrean jarduten du, lur-jausietan edo edozein motatako lurperatzeetan harrapatuta geratu diren pertsonak  lokalizatzeko; eta, bestetik, distantzia luzean, ingurune naturalean zauriturik edo galduta dauden pertsonak erreskatatzen laguntzeko.

Behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko, Elur gailua hainbat erreskate-taldek probatu dute, besteak beste, GREIM mendiko erreskate eta esku-hartze taldeak, Ertzaintzak eta DYAk. Gainera, muturreko egoeretan erabili da: probak egin dira Argentinako San Francisco sumendian (6.041 metroko altitudea du), eta Pakistango K2 mendian (7.000 metrotik gora ditu).

Lehenengo inbertsio-txanda horretan lortutako arrakastaren ondoren, Elur gailua sortu duen taldeak azken gailua garatuko du, eta beste proba-txanda bat egingo du, egoera guztietan. Gailua osorik garatzen denean, Elur gailuaren sortzaileek beste inbertsio-txanda bat egin nahi dute 2020ko bigarren seihilekoan, gailua fabrikatu eta merkaturatzeko helburuarekin.