Eusko Jaurlaritzaren laguntza-neurriak unibertsitateko prezio publikoetan eta beketan, COVID-19ren ondorioz

0

Eusko Jaurlaritzak 2020-2021 ikasturteari begira bultzatu nahi dituen proposamenak bidali dizkie Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideei eta Euskadiko Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilukoei. Neurri horiek datorren ostegunean, apirilaren 30ean, egingo den bileran aztertuko dira.

Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez, ezohiko neurri sorta bat prestatu du, helburu bikoitza lortzeko: batetik, unibertsitate-ikasketetarako sarbidean ekitatea sendotzea, eta, bestetik, COVID-19ren ondorio ekonomikoak jasaten ari diren ikasleei eta hauen familiei laguntzea. Neurri guztiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin aztertuak izan dira eta hurrengo ikasturterako ezarriko dira.

Unibertsitate tasei dagokienez, proposamen orokorrak honako ekintza hauek jasotzen ditu:

-Unibertsitateko prezio publiko guztiak izoztea Euskadin. 2015az geroztik, lehen matrikularen prezioa izoztuta dago, Euskadiko herritar guztiei unibertsitate publikorako sarbidea errazteko helburuz. 2020-2021 ikasturteari begira, lehen matrikula berriro izozteaz gain, Eusko Jaurlaritzak neurri hori Gradu, Master eta Doktoregoetako bigarren eta hurrengo matrikuletara zabalduko du.

– 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaietarako bigarren matrikulen prezioa murriztea. Salbuespen gisa, ikasturte honen amaieran ikasgai batean bigarren matrikula egin behar duten ikasleei prezioa murriztu egingo zaie. Zehazki, bigarren matrikularen prezioa lehen matrikularenaren parekoa izango da. Hala, adibide gisa, Ingeniaritzako gradu bateko ikasle batek %30,5eko murrizketa lortuko luke bigarren matrikularen ordainketan, eta Zuzenbideko graduko ikasle batek %31,2ko beherapena izango luke. Gradu eta Master ikasketa guztietan aplikatuko da.

– Azken urteko Doktoregoetako ikasleei salbuespen-aldi honetako matrikula-prezioa konpentsatuko zaie. Doktoregoko ikasle batek ezin izan badu doktorego-tesia aurkeztu eta berriro matrikulatu beharra badu, unibertsitate publikoak inolako kosturik gabe matrikulatuko du ikasle kaltetua, alarma-egoeraren iraupenaren baliokidea den aldi baterako.

– Unibertsitateko tasak ordaintzeko erraztasuna. UPV/EHUk Gradu eta Graduondoko ikasketetako matrikulak ordaintzeko baldintzak erraztuko ditu. Orain arte tasaren %50 ikasturte hasieran eta %50 abenduan ordaintzea posible bazen, datorren ikasturtean lehen portzentajea % 30ekoa izango da, eta % 70 bigarrena.

Tasekin zerikusia duten aldaketez gain, Hezkuntza Sailak unibertsitatean ikasteko beka eta laguntzei dagokienez ere berrikuntza batzuk bultzatzea erabaki du, birusak eragindako krisiaren aurrean familiei laguntzeko. Zehazki, honako aldaketa hauek egin dira bekei dagokienez:

– Unibertsitate-ikasketa guztietan, beka orokorra eskuratzeko behar den gutxieneko nota murriztea. Euskadin, beka orokor bat eskuratu ahal izateko batez besteko nota 5,0 izan da azken urteetan, Graduen kasuan. Orain, Hezkuntza Sailak baldintza bera aplikatuko du (5,0 batez besteko nota), baita Masterreko titulazioetarako ere (orain arte eskatutako nota 6,0 edo 6,5 zen, master profesionalizatzailea izan edo ez-profesionalizatzailea izan).

-COVID-19 osasun-larrialdiaren ikuspegia txertatzea ikasleen errendimendu akademikoaren kalkuluan. Ikasketetarako bekak eta laguntzak ikasleen errendimendu akademikoaren araberako irizpidez ematen dira. Berrikuntza gisa, ikasleek errendimendu akademikoaren kalkulutik kanpo utzi ahal izango dituzte 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaiak.

– Administrazioak koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko du COVID-19ren eraginpean dauden familien errenta-aitorpenean. Ikasturte baterako ikasketa-beka eta laguntzak familia-unitatearen diru-sarreren arabera ematen dira, aurreko urteko zerga-aitorpena aintzat hartuta. Berritasun gisa, COVID-19 izurria dela-eta, koefiziente zuzentzaile murriztailea aplikatuko zaio familia-unitatearen 2019ko errentari. Langabezian, aldi baterako lan erregulazio txosten (ERTE) baten menpe edo autonomoen kolektiboari lotutako egoeretan aplikatuko da, alarma egoera eta osasun larrialdiaren iraupenarekiko proportzioan.

Hezkuntza Saila jakitun da zein egoera zaila ari den bizi izaten gizartea orohar, eta familia batzuk bereziki. Horregatik, Euskal Hezkuntza Sistemaren izaera ekitatiboa eta inklusiboa indartuko duten ekimenak bultzatzen jarraituko du.