Hondarribiko Alkatea eragile ekonomikoekin batzartuko da

0

Txomin Sagarzazu alkatea hiriko hainbat sektore ekonomikotako ordezkariekin bilduko da gaur eta asteazkenean, COVID-19aren krisia hasi zenetik Hondarribiko Udalak hartu dituen erabakien berri zuzenean jakinarazteko asmoz, eta beren kezkak eta proposamenak entzuteko helburuarekin.

“Bilerak, bideo-hitzaldiz burutuko direnak, hiru talde nagusitan berezi ditugu, hauexek hain zuzen: merkataritza alde batetik, ostalaritza eta turismoa bestetik eta hirugarren talde batean, Hondarribiko zerbitzuetako enpresen ordezkaritza bat” dio Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Alkateak.

Hitzorduetan Udalaren aldetik Txomin Sagarzazu Alkateak, Ogasun eta Hiritarren Segurtasuneko Juan Maria Altuna zinegotziak eta Merkataritza eta Turismoko Maria Serrano zinegotziak hartuko dute parte. Era berean Bidasoa Bizirik-eko ordezkaria den Eva Fernandezek hartuko du parte.

Neurri ekonomikoak

“Alde batetik, Hondarribiko Udalak azken 45 egunetan hartu dituen neurri garrantzitsuenen berri emango diegu, eta bereziki Udalak Hondarribiko pertsona, familia, eta enpresa eta jardueretara zuzenduriko eta hartutako neurri ekonomikoetan jarriko dugu arreta” erantsi du Sagarzazuk.

“Denei entzun nahi diegu, zer kezka eta arazo dauzkaten, eta komunikaziorako bide arin eta eraginkorra ezartzen saiatu, denok elkarrekin krisi honi aurre egin ahal diezaiogun” adierazten du bukatzeko Txomin Sagarzazuk.

Bilerak gaur eta asteazkenean izango dira, bideokonferentzia bidez eta arratsaldez.