Juan Ramón González Velasco irakasle eta ikerlariak Katalisi Elkarteen Federazio Iberoamerikarraren (FISOCAT) Senior 2020 saria jaso du. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko sailean dihardu Juan Ramónek.
FISOCATek hamaika herrialde iberoamerikarren katalisi elkarte nazionalak biltzen ditu, herrialde hauetakoak, hain zuzen: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Espainia, Mexiko, Peru, Portugal, Uruguai eta Venezuela. 2006az geroztik, bi urtez behin, Ibilbide Zientifiko Bikainaren saria ematen die nazioarteko zientzia eta ikerketa lan oparo eta aitortua duten ikertzaileei.
«Oso pozik nago eta ohore handia da niretzat sari hau jasotzea. Karrera akademiko eta zientifikoaren hainbeste urteko dedikazioa saritzen du, eta nik nirea orain dela 40 urte baino gehiago hasi nuen. Zientziak aurrera egiteko eta zientziak gizarte hobea, garbiagoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzeko egindako ahaleginak eta erdietsitako lorpenak, bada, ez dira debalde izan. Nire esker ona adierazi nahi diet FISOCAT osatzen duten hamaika herrialde iberoamerikarretako katalisi elkarteei. Saria eman didatela egungo konfinamendu egoera honetan jakin dut, eta nazioarteko elkartasun balioez ere ohartu naiz. Espero dut errutinara bueltatzen garenean haiei eustea, eta krisi honek erakutsi dizkigun hobekuntzak ere aintzat hartzea», eskatu du Juan Ramón González Velascok.
Katalisiaren arloan, zientziaren, eta ikerketa oinarrizko eta aplikatuaren garapenari eta ikertzaile gazteak prestatzeari ekarpena egin dioten senior ikertzaile iberoamerikarrei zuzenduta dago saria, eta haien ibilbide zientifiko bikaina aitortzen du. Lehen fasean, herrialde bakoitzak (bere katalisi elkarte nazionalaren bitartez) bere hautagai nazionala aitortzen eta proposatzen du, eta, bigarren fasean, nazioarteko batzordeak azken hautapena egiten du.
«Gaur egun, taldean egiten da zientzia. Errekonozimendu hau posible izan da, bada, nire ikertaldeari (Teknologia Kimikoak Ingurumen Jasangarrirako) eta oraingo eta orain arteko taldekide guztien ahaleginari esker. Oso harro nago horrenbeste kolaboratzaile bikain izan ditudalako alboan; bikainak dira zientzian, baita arlo pertsonalean ere. Eskerrak eman nahi dizkiet denei egin duten ahaleginagatik eta taldean konfiantza izateagatik. Saria denona da; ni jasotzen duena izango naiz», aitortu du.
Bere ezaugarri humano eta pertsonalak nabarmendu ditu, gainera, epaimahaiak: «Zintzotasuna eta eskuzabaltasuna». «Ohorea da niretzat lagun asko eta hain onak izatea. Espainiako eta nazioarteko kideek zorion gutun asko bidali dizkidate, eta horrek erakutsi dit zeinen lagun sare handia ehundu dudan nire bizitza profesionalaren urte hauetan», esan du pozik.