UPV/EHU munduko 49 unibertsitate onenen artean genero-berdintasunean

0

Times Higher Education (THE) unibertsitate-inpaktuko rankingak iaztik ebaluatzen du unibertsitateek zer jarduera izan duten NBEk bultzatutako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotuta. Ranking horretan hainbat adierazle erabiltzen dira, ebaluatzen dutenak zer eragin sozioekonomiko duten goi-mailako hezkuntza-erakundeek 17 GJHen inguruan, barnean hartuta formazioaren, ikerketaren, transferentziaren eta gobernantzaren arloak.

Rankingean parte hartzeko, beharrezkoa da jakinaraztea zer emaitza lortu diren 17. GJHan (Helburuak lortzeko aliantzak) eta beste hiru helburutan gutxienez. Datu horiekin, bi sailkapen-mota egin dira: orokorra, unibertsitateak emaitza onenak lortu dituen hiru GJHen emaitzetan oinarritutakoa, eta GJH bakoitzari dagozkion rankingak.

UPV/EHU 101-200eko tartean sailkatu da bigarren edizio honetako sailkapen orokorrean. Aurten, 85 herrialdetako 766 unibertsitatek baino gehiagok hartu dute parte. UPV/EHUk parte hartzen duen lehen aldia da, eta 6 helburu aurkeztu ditu: Osasuna eta ongizatea (3. GJHa), Kalitateko hezkuntza (4. GJHa), Genero-berdintasuna (5. GJHa), Desberdinkeriak murriztea (10. GJHa), Ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJHa) eta Helburuak lortzeko aliantzak (17. GJHa).

Estreinaldi honetan, genero-berdintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean kokatzea lortu du UPV/EHUk, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuetan, munduko 59 erakunde onenen artean. Halaber, nabarmentzekoak dira osasunarekin eta ongizatearekin lotuta eta garapen jasangarria lortzeko aliantzen arloan egin duen ekarpena, non 100 puntutik 72,3 eta 78,6 puntu lortu baititu, hurrenez hurren, eta horrek 101-200eko tartean kokatu baitu. Rankingak balio berezia eman die emakumeak sustatzeko martxan jarri diren ekintzei, hezkuntzaren arloan egin diren argitalpen zientifikoei, ingurumen-jardueren txostenak argitaratzeari, bazterkeria saihesteko neurriei eta helburuak lortzeko aliantzei. Horrekin guztiarekin, UPV/EHUk lortu du ekoizpen eta kontsumo arduratsuan ekarpen handienak egiten dituen estatuko bigarren unibertsitatea izatea, eta bosgarrena izatea, bai osasunaren eta ongizatearen arloan eta bai genero-berdintasunean.

Ranking honetan buru da, berriz ere, Aucklandeko Unibertsitatea (Zeelanda Berria), eta Australiako bi unibertsitatek osatzen dute lehenengo hiru onenen zerrenda: Sydneyko Unibertsitatea eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitatea.