Eusko Jaurlaritzak 134.000 euroren bekak emango ditu nautika-arrantza eskoletako ikasleentzat

0
PRUEBA

2019-2020 ikasturtean Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako Ikastetxeetan, hurrenez hurren, nautika-arrantzako ikasketak egiteko beken deialdia egiteko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Laguntza horiek finantzatzeko 134.000 euro inguru erabiliko dira.

Ohiko bizilekutik kanpoan bizitzeko gastuak zein zentrora egindako joan-etorriak, jana eta ikasketa materiala finantzatu ahal izango dira beka horiekin. Beken zenbatekoari dagokionez, bekadun bakoitzari emandako puntu kopuruarekiko zuzenki proportzionala izango da, Aginduaren oinarrietan ezarritako irizpideekin bat etorrita. Halere, pertsona bakoitzak 2.404,05 euro eskuratu ahal izango du gehienez ere.

Beka guztiak, haien zenbatekoa edozein dela ere, aldi bakarrean ordainduko dira, hau da, bekaren %100 batera ordainduko da, ikasturtearen amaieran, betiere ikasleak ikasturteari probetxu atera badio eta matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

Beken zenbateko osoa berdina da 2017-18 ikasturtetik, eta 17/18 ikasturtean 122 pertsonak  izan ziren beken onuradunak (64 goi ziklokoak, 36 ziklo ertainekoak, eta 22 kostako patroi balioaniztuneko ikasketakoak), horietatik 4 emakume izanik.  18/19 ikasturteaan, berriz, 123 beka eman ziren, 117 gizonei eta 6 emakumeei. Hala, diferentzia oraindik nabarmena bada ere, igoera txiki bat antzematen da ikasketa hauetaz interesa erakusten duten emakumeen kopuruan.

 Sektorea gaztetzea

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin lotura duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokia edukitzea. Eusko Jaurlaritzak, halaber, lehentasunezkotzat jotzen du gazteei sektorean sartzeko erraztasunak ematea eta, horren bitartez, sektorean belaunaldi berriak sartzen eta sektorea modernizatzen laguntzea

Euskal Autonomia Erkidegoko itsas-arrantza arloko ikastetxeen bitartez eta beka programa honen bitartez erantzun efektiboa eman nahi zaie sektorean dauden prestakuntza premiei, “ad hoc” ikastaroak antolatuz, sektorearen behar puntualak asetzeko, batetik, eta esandako ikastetxeek emandako itsas-arrantza arloko prestakuntza ematen jarraitzeko, bestetik.

Esleitzeko irizpideak

Bekak hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira, eta hautagaiak esandako edozein eskolatan matrikulatuta egon beharko dira 2019-2020 ikasturtean. Puntuazioa, berriz, horretarako berariaz izendatutako Balorazio Batzorde batek ezarriko du. Puntuak irizpide hauen arabera esleituko zaizkio pertsona bakoitzari:

  1. Egingo duen ikasketa maila
  2. Ohiko bizilekuaren herritik eta ikasketa zentroaren herriaren arteko distantzia
  3. Eskatzailearen baldintza pertsonalak eta familiarrak
  4. Eskatzaileak edo bere familiak aurreko urtean eskuratutako diru sarrera gordinak, edozein dela ere sarrera horien jatorria

Beketarako eskaerak bide elektronikoetatik aurkeztuko dira, euskadi.eus helbidearen egoitza elektronikoan (https:// www.euskadi.eus).