Eusko Jaurlaritzak kulturako profesionalentzako deialdia onartu du

0

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bere gaurko bilkuran onartu du kulturako langileentzako ezohiko diru-laguntza deialdia, helburu duena profesional horiek laguntzea beren ohiko jarduera Alarma Egoeraren ondorioz bertan behera geratu bada edo atzeratu bada. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu dute iragan apirilaren 15ean iragarri zen ‘Kulturako profesionalei laguntzeko’ programa hau, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Deialdi honen bitartez kulturako profesionalen ekonomia-jarduera lagundu nahi da, jakinda haien kultura-jarduera neurri handi batean eten behar izan dela azken asteotan. Horretarako, Enplegua eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbideren bitartez, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, elkarrekin lan egin dute laguntzak kulturaren errealitate bereziarekin bat etor daitezen.

Onuradunak

Programa hau zuzenduta dago egoitza pertsonala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten pertsonei (oharraren amaieran, laguntzak jaso ditzaketen jardueren zerrenda erantsi da). Era berean, deialdian jaso da Covid 19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan zaizkiela.

Laguntza horiek jaso ditzaketen pertsonak, gainera, era esklusiboan aritu behar dira profesionalki behar behera geratutako kultura-jardueran. Jarduera horretan esklusiban aritzen direla ulertuko da haien diru-sarreren % 60 hartatik eskuratzen dutenean.

Laguntzen zenbatekoa

Arau orokor gisa, laguntzaren hileko zenbatekoa hauxe izango da: 2019an izandako dirusarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70aren baliokidea (betiere kultura edo arteari lotutako jarduera kontuan hartuta). Gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dira hile bakoitzean. Pertsona eskatzailea kultura edo artearen arloan profesionalki 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra hasi bada, biak barne, zenbatekoa 950 euro/hilabete izango da (gutxieneko soldata, alegia).  Halaber, laguntzak iraungo du 2020ko martxoaren 14tik harik eta Alarma Egoera bukatzea agindu eta kultura- zein arte-arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen den azken egun arte. Gehienezko epe bat ezarri da: 6 hilabete.

Izapidea

Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak Lanbideren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, ahal dela, hau da, www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez. Baldin eta pertsona eskatzaileak beharrezko bitarteko elektronikorik ez badu, eskaera Zerbitzu Orokorretan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein Enplegu Bulegotan aurkez dezake, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bitartekoren bitartez ere.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza pertsonalizatu bat eta bi gida jarri ditu martxan kulturaren langileei zuzenduta, Covid-19aren krisiaren aurrean  martxan jarritako neurri hauen eta beste batzuen berri emateko. Interesatuek Kulturklik Pro-n eskura dezakete aholkularitza hori (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/).

Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna

Gaur onartutako deialdiko espedientean biltzen denaren arabera, laguntza horiek bateraezinak izango dira beste hauexekin: jarduera uzteagatiko ezohiko prestazioa; COVID-19ak ekarritako osasun-krisi egoera kudeatzeko ezarri den Alarma Egoeraren eraginpean jarduera uzteagatiko ezohiko prestazioa; langabezia-prestazioa; edo dirusarreren beste edozein ordezko prestazio, laguntza edo diru-laguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste edozein Administraziok edo erakunde publikok edo pribatuk eman dituenean.

Laguntza horien inguruko xehetasun guztiak Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira datozen egunotan; hurrengo egunetik aurrera hasi ahal izango dira eskatzen.

Laguntzak eskura ditzaketen jardueren zerrenda, Jarduera Ekonomikoen Indizearen (JEIren) arabera.

  1. Sekzioa: enpresa-jarduerak
  2. Multzoa. Aisialdi- eta kultura-zerbitzuak.

961 Taldea. Zinemagintza (bideogintza barne) eta jarduera horri lotutako zerbitzuak.

961.1 Epigrafea. Zinemagintza (bideogintza barne).

961.2 Epigrafea. Film- edo zinema-zinten (bideoa barne) bikoizketa, sinkronizazioa eta muntaia, enpresa ekoizleak berak egiten ez duenean.

961.3 Epigrafea. Film- edo zinema-zinten ekoizpenerako eszena-apainketak, enpresa ekoizleak berak egiten ez duenean.

966 Taldea. Bibliotekak, artxibategiak, museoak.

966.1 Epigrafea. Bibliotekak eta museoak.

  1. Multzoa. Lanbide liberal, artistiko eta literarioak.

861 Taldea. Pintoreak, eskulturgileak, zeramikariak, artisauak, grabatzaileak eta antzeko artistak.

862 Taldea. Artelanen berriztatzaileak.

  1. Sekzioa: lanbide-jarduerak

226 Taldea. Soinu-teknikariak.

227 Taldea. Argiztapen-teknikariak.

  1. Sekzioa: arte-jarduerak
  2. Multzoa. Zinema, antzerki eta zirkoari lotutako jarduerak.

011 Taldea. Zinema eta antzerki-zuzendariak.

012 Taldea. Zuzendaritza-laguntzaileak.

013 Taldea. Zinema eta antzerkiko antzezleak.

014 Taldea. Espezializatutako estrak, dobleak, konpartsak…

015 Taldea. Zinema, telebista eta bideogintzako kamera operadoreak.

016 Taldea. Umoristak, karikatoak, eszentrikoak, errezitatzaileak, ilusionistak…

017 Taldea. Apuntatzaileak eta errejidoreak.

018 Taldea. Zirkoko artistak.

019 Taldea. Zinema, antzerki eta zirkoari lotutako beste jarduera batzuk, BLSG.

  1. Multzoa. Dantzari lotutako jarduerak.

022 Taldea. Dantzariak.

029 Taldea. Dantzari lotutako beste jarduera batzuk, BLSG.

  1. Multzoa. Musikari lotutako jarduerak.

031 Taldea. Musika-irakasle eta -zuzendariak.

032 Taldea. Musika-tresnen interpreteak.

033 Taldea. Kantariak.

039 Taldea. Musikari lotutako beste jarduera batzuk, BLSG.