Gobernu Kontseiluak Suspertu SLri 50 mila euroko dirulaguntza esleitzea baimendu du, Berrizko Olakueta Etxea pertsona etorkinen harrera-zentroan (Bizkaia) aterpea eta mantenua emateko instalazio eta zerbitzuak birmoldatu eta hobetzeko.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zehaztu duenez, “2019. urtean, gatazketatik edo pobrezia handiko egoeretatik ihesi, pertsonak berdin jarraitu dira heltzen Europarantz eta Euskadirantz; bada, bizitako egoera eta hurrengo garaietarako Frontexek egindako aurreikuspena ikusita, Euskadiko erakundeek larrialdiko harrera-aterpetxeen sistema bat diseinatu, koordinatu eta ezarri dugu”.
“Eusko Jaurlaritzatik, lagundu egiten dugu pertsona lekualdatuei harrera ematen, eta arretarako gune egoki bat jarri dugu martxan, kalteberatasun-egoera berezian dauden pertsonei harrera egiteko; hartara, erantzuna eman diegu beharrizan eta larrialdi berriei. Bada, baliabide horietako bat Pertsona Migratzaile eta Errefuxiatuen Aldi Baterako Harrera Zentroa da: Berrizko Olakueta Etxea, bizitegi bat. Zentroaren helburua da paseko pertsona migratzaileei aldi baterako harrera ematea, pertsona horiek arreta humanitarioaren premia izan eta, kaltebera daudela eta, nazioarteko babesa eskatzen dutenean, baldin eta beren migrazio-egitasmoarekin jarraitzeko egonaldirako denbora gehiago behar badute.
Baliabide horren helburu nagusia da kaltebera dauden pertsona horiei aldi baterako aterpea ematea, baita arreta pertsonala eta gizarte-integrazioa ere. Jada hainbat egokitzapen-lan egin izan dira Berriz udalerriko Elizondo plazan (Bizkaian) kokatutako lehengo aterpetxean, 4, 5 eta 6. atarietan, eta lokaletako barrualdea berregituratu egin da, eta oinarrizko instalazioak egokitu, adibidez, galdara edo elektrizitate-instalazio batzuk.
Susperturen mantenurako lantaldeak langile espezializatuak eta gizarteratzen ari diren pertsona laguntzaileak uztartzen ditu. Hormak, argiztapena, ateak, leihoak eta edarrapiak jartzea, pintatze-lanak eta antzeko zereginak mantenu-lantaldeko pertsona batek egin ditu, Sagarrondoren koordinazioaren laguntzaz. Suspertuk ere hartu du bere gain janaria prestatu eta gauean zaindari lanetan aritzeko ardura, enpresan gizarteratze- eta laneratze-programetan dauden pertsonak kontratatuz. Egun, azpiegitura hau birmoldatu egin da profil zehatzen arabera banatutako 58 leku izateko.
Nazioarteko babesa eskatu eta kaltebera dauden familiei zuzendutako guneak dira: 24 leku familientzat dira, 5 gelatan banatuak. Gune horiek paseko emakume eta familientzat, arreta humanitariorako eta beste kalteberatasun-egoera batzuetarako dira: 2 leku emakumeentzat dira, bi gela handitan banatuak. 10 leku emakume edo familientzat dira, hiru gelatan banatuak. Eta 12 leku, berriz, gizonentzat, gela handi moldagarri batean banatuak
Suspertu SL erakundea 2005ean eratutako gizarteratze-enpresa bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze Enpresen Erregistroan aitortu eta inskribatuta dago. Susperturen gizarte-xedea da lan-merkaturatzeko zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzea. Horretarako, oinarrizko prestakuntzako eta lan-kualifikazioko jarduerak egiten ditu, eta gizarteratzen eta laneratzen ari diren pertsonentzako enplegu arauturako jarraibideak ematen. Ostalaritzan eta kirol- eta jolas-instalazioen kudeaketan aritzen dira.