Itelazpi Eusko Jaurlaritzako telekomunikazioen sozietateak 58 eremu zuri desagerrarazten lagunduko du

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Itelazpi S.A. sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena, 2020-2021-2022 ekitaldietarako Euskadiko biztanle-guneetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntza-programa kudeatzekoa». Itelazpi S.A. Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateak lagunduko du «NGA eremu zuritzat» jotzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko beste 58 biztanle-guneetara banda zabala hedatzeko laguntzak kudeatzen. Izan ere, eremu zuri horietan ez dago, eta datozen 3 urteetan ere ez da aurreikusten, belaunaldi berriko banda zabaleko baldintzetan Interneterako sarbide-zerbitzuak ahalbidetuko dituen telekomunikazio-azpiegiturarik. Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro bideratuko ditu helburu horretara.

Gobernu Kontseiluak, gaur, onartutako erabakiak ezartzen duenez, Itelazpi S.A sozietate publikoak ardura hauek izango ditu:

  • Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hura behar bezala ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa izan daitekeen dokumentazioa eskatzea.
  • Proiektuak aztertzea eta Ebaluazio Organoari igortzea.
  • Laguntzak proposatzea eta Ebaluazio Organoari igortzea.
  • Proiektuak egikaritzen direla egiaztatzea.
  • Eskatutako aldaketen irispideari buruzko txostenak egitea.
  • Hala badagokio, proiektua egikaritzearen inguruko gorabeheren ondoriozko ez-betetzeen espedienteari hasiera eman dakion proposatzea.

HITZARMENA

Hitzarmen honek aurreko hitzarmenak berritzen ditu. Hitzarmen hauei esker, 2017az geroztik, 473 «eremu zuri» desagerrarazi ahal izan dira, askotan bakartuta dauden biztanle-guneak eta landa-eremuak izan dira, telekomunikazio-azpiegiturarik ez izateagatik operadore pribatuen inbertsioetarako erakargarriak ez direnak.

Gaur onartutako hitzarmena gauzatuko da laguntzen mende dauden proiektuak egikaritzeko gehieneko epean, hau da, 24 hilabeteko epean, laguntzak eman direla jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Gainera, indarrean egongo da hitzarmena sinatzen den egunetik laguntzak emateko espedienteen tramitazioa amaitzen den arte.

EUSKADI 2020 AGENDA DIGITALA

Eusko Jaurlaritzaren asmo handiko proiektu estrategiko hau 2016an onartutako «Euskadi 2020ko Agenda Digitalean” kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin du edozein biztanle-gunetan bizi diren pertsonen eta bertan kokatzen diren enpresen konektagarritasuna hobetzearen alde, biztanle kopurua eta tamaina edozein izanik ere. Azken helburua da zentro publikoen, enpresen eta etxeen konektagarritasuna hobetzea, horrela lortuko baita Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde adimenduna, Smart Country, izatea. Horretarako, orain arte, ia 18 milioi euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak.

Halaber, programa horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoak “Europako 2020ko Agenda Digitalean” ezarritako helburuak beteko ditu, hau da, belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez 30 Mb/s) biztanle guztientzat unibertsalizatzea eta 2020. urterako biztanleen % 95ek 100 Mb/s-tik gorako abiadurako banda zabal ultralasterreko zerbitzuak kontratatuta izatea.