Koronabirusak eraginda kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden errentariei etxebizitza libreen alokairua ordaintzeko laguntzak ematea onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren Agindua onartu du. Agindu horren bidez, COVID-19aren krisiaren ondorioz kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu libreko etxebizitza parkeko errentariei laguntza zuzenak ematea arautzen da.

Larrialdi sanitarioak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratu diren edo aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan duten pertsonak laguntza horren onuradun izan daitezke, baita, langile autonomoak edo enpresariak izanik, euren diru-sarrerak edo salmentak % 40 edo gehiago murriztu zaizkienak ere.

Laguntza eskuratzeko oinarrizko baldintzak:

-Alarma-egoera deklaratu aurretik alokairu-kontratu bat sinatua edukitzea eta beste etxebizitza baten jabe ez izatea.

-Familia-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuak 39.000 eurotik beherakoak izatea azken ekitaldi fiskalean —horixe da BOE etxebizitza bat eskuratzeko gehieneko zenbatekoa—, eta 50.000 eurotik gorako ondarea ez edukitzea.

-Errentaren zenbatekoak, komunitate-gastuek eta oinarrizko hornidurek, guztira, une horretan eskuragarri dituen diru-sarreren % 30 gainditzea.

-Hileko alokairuaren zenbatekoa etxebizitza kokatua dagoen lurralde esparruari egoztekoa zaion batez besteko errenta —Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (AME) datuen arabera— baino gutxienez 1,5 aldiz handiagoa ez izatea (familia ugarien kasuan, 1,75).

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin (EPO) eta Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoarekin (EPE) bat etorriz, laguntza hilean 250 euro artekoa izango da, eta sei hilabetez aplikatuko da, apiriletik irailera arte, zaurgarritasun-egoerak jarraitzen badu. Guztizko zenbatekoa 1.500 eurokoa izatera hel daiteke. Kopuru hori hiruhileko bi ordainketa eginez emango da.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laguntza hori emateko 15,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Eskaerak aurkezteko epean Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 30era arte luzatuko da.

Ahal izanez gero, tramitazioa modu telematikoan egingo da, www.euskadi.eus webgunearen eta  Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus helbidean dituen kanalen bitartez.

Kanal telematikoen bidez eskuragarri dagoen eskaerarekin batera, baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena eta diru-sarrerak frogatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dira.

Deialdi ez-lehiakorra da eta honen laguntza finalista.  Ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko edo martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan bildutako Kreditu Ofizialeko Institutuaren abalez bankuek helburu horretarako emandako mikrokredituak itzultzeko erabili behar dira.

Bestalde, gaur onartutako Aginduaren bidez, programa horren laguntzak genero-indarkeriaren biktimentzako, euren ohiko etxebizitza utzaraztera behartzen dituzten pertsonentzako, etxerik ez dutenentzako edo bereziki kalteberak diren pertsonentzako ere zabaltzen dira.  Eta, euren kontura, pertsona horiei bizitokia emateaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeei, enpresa publikoei eta administrazioei.

Kasu horietan, egiturazko izaera handiagoa duenez, laguntzaren guztizko zenbatekoa hamabi hilabetetara luzatuko da; hortaz, 3.000 eurotara helduko da.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza guztiak bateraezinak dira helburu bera duten gainerako laguntza publikoekin.