Presako prozedura bidez Verter Recycling-en zabortegian egindako kontratazioei buruzko informazioa

0

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Zaldibarren Verter Recycling enpresaren zabortegian presako prozedura bidez egindako kontratazioen berri eman dio Gobernu Kontseiluari. Zabortegia iragan otsailaren 6an kolapsatu zen, bi langileren heriotza eraginez.

Zabortegian gertatu zen lur-irristatzearen ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu ditu premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta egikaritzea. Lan horien bidez, zabortegiaren egonkortasuna bermatuko da, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murriztuko da eta, batez ere, desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileen bilaketa segurtasun osoz egingo da.

Jarduketek, oro har, 7,3 milioi euroko kostua izango dute. Partida nagusia —5,8 milioi euro— indusketa eta lur-berdinketako lanetan, makinetan, bitarteko osagarrietan, agregakinetan eta geosintetikotan, eta hondakinen andela martxan ipintzeko lanetan erabiltzen ari dira.

Halaber, zabortegien kudeaketan adituen laguntza teknikoko eta laguntza tekniko geologikoko zerbitzuak kontratatu dituzte suteak ebaluatzeko eta kontrolatzeko eta, ondoren, itzaltzeko; zabortegiko gasen sorrera modelizatzeko eta, egonkortu ondoren, isurketa-masa desgasifikatzeko; lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzeko, putzu bat eraikitzeko, zabortegiko kanalizazioak ikuskatzeko eta lixibiatuak xurgatzeko; zabortegiaren inguruko herrietako airearen kalitatea analizatzeko eta ingurumeneko laginak hartzeko; eta geofisikako azterketak gauzatzeko eta hondakin-laginak karakterizatzeko, beste hainbat eginkizunen artean.