Aisialdirako gune nagusiak berreskuratu ditu Barakaldok kirola eta ibilaldiak egiteko

0

Hiriko aisialdirako gune nagusiak irekitzea erabaki du Barakaldoko Udalak alarma egoeraren barruan baimendutako kirol-jarduera egiteko.

Horrela, kirola  edo ibilaldiak egiten hasten direnek beste hainbat gunez gozatzeko aukera izango dute, hala nola, Munoa finkaz, Juan Ramon Rubial Lorategi botanikoaz, itsasadarreko pasealekuez eta hiriko bidegorrien sareaz, dagoeneko irekita baitaude.  Haur-parkeek, ostera, itxita jarraituko dute, adingabeek ezin baitituzte erabili.

ARDURAZ IBILI, PREBENTZIOZKO NEURRIAK AINTZAT HARTUZ

Bihar sartuko dira indarrean Espainiako Gobernuak kirola eta ibilaldiak egiteko ezarritako neurri berriak; gaur  argitaratu dira Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE).  Ildo horretan,  herritarrei gogorarazi nahi die Udalak, lehentasunezkoa dela erantzukizunez jokatzea kaleko irteera bakoitzean, pertsonen arteko 2 metroko segurtasun-distantzia errespetatuz eta eskuak etengabe garbituz.  Alde horretatik, «erantzukizunez jokatzea» eskatu du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak, «kirol praktika eta adin tarte bakoitzerako ezarritako ordutegiak errespetatuz, guztion esku baitago birusari ateak ixtea», azpimarratu du.

«Garrantzitsua da konfinamendua arintzeko ezartzen diren arauak eta gomendioak kontuan hartzea, normaltasuna lehenbailehen berreskuratu ahal izateko», azpimarratu du.