Bilboko Udal ortu ekologikoak eguaztenean zabalduko dira berriro ere

0

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak udal ortu ekologikoak zabalduko ditu berriro ere eguaztenean, maiatzak 6, astelehenetik domekara, goizeko 9etatik iluntzeko 9ak arte. Horrela, ortuetako jarduera egin ahal izango da berriro, Konfinamendua Arintzeko Planeko 0 Fasean osasun arloko agintariek egindako jarraibideen arabera; hain zuzen ere, fase horretan zaintzako jarduera ez-profesionalak eta nekazaritzako produktuen bilketa arautzen dira.

Hala ere, kutsatzeko arriskua murrizteko, neurri bereziak ezarriko dira horiek erabiltzeko orduan. Horrela, bada, eskularruak eta maskara nahitaez erabili behar dira egonaldi guztian eta esparru osoan, baita sarrerako hesiko giltzarrapoa zabaldu eta ixteko ere. Era berean, 2 metroko tartea gorde behar da ortuetan dauden pertsonen artean.

Ortuetara joateko eta horietan zenbat pertsona egon daitezkeen zehazteko irizpide bereziak ezarriko dira, jenderik pilatu ez dadin. Lursail bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke. Egun bikoitietan lursail bikoitien emakidadunek izango dute bertaratzeko baimena eta egun bakoitietan, lursail bakoitien emakidadunek. Bestalde, gehieneko jende-kopurua ezarriko da instalazio bakoitzean. Artxandan, gehienez ere, 45 pertsona egon ahal izango dira aldi berean esparruaren barruan; Otxarkoagan, 30 izango dira eta Errekalden, 20, kasu guztietan mantentze-lanetakoak barne direla.

Salbuespenezko egoera honek iraun bitartean itxita egongo dira aldagelak eta komunak eta ezin izango dira erabili instalazioetako mahaiak eta jarlekuak. Lanabesak ere ezin izango dira erabili eta hortaz, nork bereak eroan beharko ditu. Esparruan dauden iturriak erabiltzeko moduan egongo dira, betiere kontuan hartuta eskularruak erabili behar direla iturrian ibiltzeko.