Aldundiak Bizkaia aurrera! Plana onetsi du COVID-19aren krisiari aurre egiteko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia aurrera! koronabirusaren krisiaren ondoren ekonomia suspertzeko premiazko plana onartu zuen atzoko Gobernu Kontseiluan, eta 95,5 milioi euro jarriko ditu lurraldeko ekonomian, krisiaren ondorioak geldiarazteko. Plan hau maiatzaren 11n aktibatu eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta 12 milioi euro birbideratzen ditu foru-sailek erabilgarri dutenetik, eta beste 30 milioi euro gehitzen ditu dozena bat neurri ekonomiko garatzeko, egoera okerrenean dauden pertsonei eta sektore ekonomikoei laguntzeko: autonomoak, lana galdu duten pertsonak eta mikroenpresa, enpresa txiki eta ertain eta enpresa handiak. Zuzeneko inbertsio horri, gainera, plan honetan aurreikusitako 53,5 milioi euroko zerga-pizgarri berriak gehitu behar zaizkio.

Bizkaia aurrera! premiazko neurri batzuk jasotzen dituen plan bat da; Aldundiko sail guztiek hartu dute parte haren sorreran, eta diputatu zein haien talde guztien zuzeneko inplikazioa izan du. ‘Talka-plan’ bat da, alarma-egoeraren ondoren suspertzeko eta berriro ere martxan jartzeko plan bat, eta oposizio-taldeek proposatutako neurri batzuk jasotzen ditu. Krisiaren kontrako lehenengo plana da; ondoren, beste neurri eta erabaki batzuk hartuko dira hurrengo hilabeteetako eboluzio ekonomikoaren arabera. Ildo horretan, Unai Rementeria ahaldun nagusiak plana helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta jakinarazi dio Bizkaia prest dagoela Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako erakundeekin batera lan egiteko egiten dituzten ekimenetan eta hartzen dituzten neurrietan.

Planean, hamabi neurri daude, ondo funtsatutako dotazio bat eta aurreikuspen bat eginda. Gainera, beste erakunde batzuek hartu dituzten neurriak osatzen dituzte, ahaleginak ez bikoizteko. Beraz, emaitza hobeak lortzen dira inbertsio batekin. Bizkaia aurrera! planaren neurriak laguntzaren eta sarreraren arteko orekian oinarritzen dira; izan ere, beharrezkoa da laguntzea sarrerak izateko, eta sarreran izatea lagundu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak egin dituen kalkuluen arabera plan honetan inbertitutako euro bakoitzak zazpi euroko eragin ekonomikoa izango du. Horrela, 95,5 milioi euroko gehieneko kostua izango du diru-kutxa publikoarentzat, planaren zuzeneko inbertsioaren eta zerga-arintzeen artean, eta eragin ekonomikoko 672 milioi euro sortzea espero da, hau da, krisiaren lehen astean premiaz hartutako zerga-neurrien eta neurri fiskalen bidez lurraldeko ekonomian sartutako 538 milioi euroko likideziari gehituko zaizkio. Horri esker, guztira 1.210 milioi euro mugiaraziko dira lurraldeko ekonomian urtea amaitu arte.

Hori izango da koronabirusaren krisiak Bizkaiko enpleguan eta ekonomian izan dituen ondorioak sakon aztertu ondoren diseinatu diren hainbat jarduketaren eragina. Hala nola, martxoan langabeziaren % 8,66ko hazkundea (2019ko martxoan baino 5.373 langabe gehiago) edo 12.681 ABEE, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente, (80.796 pertsona) aurkeztea, besteak beste.