Arabako Aldundiak hezkuntza materiala online argitaratu du

0

Arabako Foru Aldundiak herritarrei eskura jarri die hezkuntza baliabide eta tresna multzo bat, hobeto ezagutzeko Arabako biodibertsitatea. Eskulanak, jokoak, unitate didaktikoak, bideoak edo jarduera koadernoak dira, askotariko jendearentzat zuzenduak, zeinei esker modu atseginean ezagut baitaitezke lurralde historikoko espazio eta espezie babestu garrantzitsuenak.

Informazio guztia eguneratzen joango da aldizka, eta jada eskuragarri dago Arabako Aldundiaren Natura 2000 Sarearen web gunean (https://natura2000.araba.eus/) dagoen ingurumen hezkuntza atalean. “Konfinamendu egun hauetan, Natura 2000 Sarea gure etxeetatik hobeto ezagutzeko balio diezaguke” gogorarazi du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, eta horrez gain, familiak animatu ditu web orria bisitatu eta hango baliabideak etxeko txikiekin partekatzera.

Natura 2000 Sarea naturagune babestuen sare bat da Europako Erkidegoaren mailan, eta haren helburua da bermatzea Europan baliotsuenak eta mehatxatuenak diren espezieak eta habitatak iraunaraztea epe luzera. Kontserbazio tresnarik baliotsuenetakoa da, hain zuzen ere, ezagutaraztea gune hauek, hango habitatak eta haien mehatxuak; hortaz, gako dira ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta ingurumen hezkuntza.

Hain zuzen ere, Araba da natura gune babestuko azalera gehien daukan euskal lurraldea. Izan ere, Natura Sareak Arabako azaleraren ia herena betetzen du, 28 natura gune babesturekin.

Eskuragarri dauden materialen artean, Aldundiak parte hartzen duen edo parte hartu duen Europako zenbait proiektutan garatutakoak daude, hala nola hauexetan: Life Lutreola, bisoi europarra kontserbatzeko; Aquila A-Life, Bonelli arranoa desagertzetik salbatu nahian dabilena, edo Ecogyp proiektua, hegazti harrapariek ematen diguten zerbitzuari garrantzia eman nahi diona. Lehenengoz, baliabide horiek guztiak bateratuta eta eskuragarri daude online, arabarrek haietaz goza dezaten.